Badakit ez dela egin behar baina gustatu egiten zait eta aukera dudan guztietan egiten dut. Eta, ez dezadan nire burua engaina, egiten jarraituko dut. Batetik, gisa honetako bizioak kentzea kosta egiten delako eta bestetik, inori kalterik ere ez diodalako egiten. Gustuko dut kontuak jatea. Norbaiten zain bakarrik nagoenean belarria zorroztu eta inguruan hizketan ari direnen berriketaldiak entzutea bizio handia da niretzat. Gertatu liteke elkarrizketa argi aditzea eta orduan ez dago fantasiarako lekurik baina izaten da baita ere, toki zaratatsuan edo distantzia urrunegian nagoelako zurrumurrua erdizka heltzea. Orduan, entzundako erdiari beste erdia asmatzea jolasa izaten da. Dobleko plazerra.
Aste hasieran guraso koadrila bat somatu dut Santa Ageda bezperako prestakizunei buruz hizketan. Alabarentzat Santa eskerako makilarik ez zuela eta ea non eros ote zezakeen galdetu zuen batek eta Eroskin izango zirela erantzun zion parekoak, natural-natural. Baserritar jantziak edo danborrak saltzen badituzte makilak ere izango zirela noski. Konforme geratu zen emakumea eta hala utzi nituen, berriketan.
Baina ni ez nintzen konforme geratu eta Eroskira deitu nuen egurrezko edo egurra imitatzen duen auskalo-zer-materialetako makilarik ba ote zuten galdetzeko. Erantzuna ezezkoa izan zen, ez dutela haiek makilarik saltzen. Eta egia esan, lasaitua hartu nuen. Ez bainuen sekula pentsatu tradiziozko ohitura hauek, zenbaitentzat hain jator, herrikoi eta gorde beharrekoak direnek helburu komertzialik izan dezaketenik. Edo are okerrago, festaren benetako izaeraren jakitun izan gabe eta egutegiak hala agintzen duelako bakarrik, supermerkatuan garaian garaikoa erosi eta haurrak tokatzen den zirkura bidal litezkeenik.