Gure herria gaztea bada ere, Lasarte-Oria, hainbat alorretan bezala kirol munduan ere, izaera propioaren bidea egiten ari da. Aspalditik izan da Lasarte kirolari loturiko herria. Hasi auto lasterketetatik, zaldi lasterketen tradizio sakonarekin jarraitu eta gaur egungo kirol aniztasunera iritsi arte
Kirol desberdinen praktika, areagotu egin da ezinbestean herrian eta jada asko dira sorturiko elkarte edo klubak. Kirolarekiko afizioa handia da eta hori oso garbi ikus dezakegu, klub desberdinetan dauden fitxa federatuen kopuruei so eginda edo egunerokotasunean gure herrian kirol guneetan eta kaleetan kirola egiten dabilen jendeari erreparatuz. Lasarte-Oria kirolzaleak ordea, badu ene iritziz arazo bat. Azpiegituren alorrean, herria hankamotz geratzen ari da. Herriaren sorreran eraikitako kirol gune batzuk zaharkituak geratzen ari dira eta herrian sortzen diren kirol berrientzat ere, ez dago nahikoa gune. Aipatzekoa da gure kiroldegi zaharraren instalazioek behar dituzten hobekuntzak hainbat alorretan.
Bestalde, indartsu datozen kirol berriek ere, euren lekua eskatzen dute eta azken urteotan ahalegin berezia egin den arren, oraindik, kirol hauentzako guneak eskas geratzen dira. Leku falta honek dakartzan arazoak hainbat dira. Guneen erreserbarako sistemen aurrean eztabaidak, okupazioaren denbora mugak ez errespetatzea, kirol guneen egokitasun faltaren aldarriak etab.
Ilusioa da kirolari asko eta asko mugitzen dituen indarra eta azken urteotan udala egiten ari den ahalegin eta aldaketak, bidearen hasiera izango direnaren esperantza dugu eta bide honi jarraituz, gure kirol-herrian kirolariek euren leku duinak izango dituztelakoan, jarrai dezagun kirolaz eta herriaz gozatzen.