Zaila da Kataluniaren inguruan argudioak ez errepikatzea eta beste batzuek esan ez duten zer edo zer esatea. Baina, aldi berean, ezinezkoa da gertatzen ari den guztiaren aurrean mututzea ere. Beraz, azken boladan buruan darabilkidana partekatuz, fundamentu askorik gabeko hitzetan galduko naiz, sarri galtzea bezalakorik ez baitago bide berriak topatzeko.

Zaila da Kataluniaren inguruan argudioak ez errepikatzea eta beste batzuek esan ez duten zer edo zer esatea. Baina, aldi berean, ezinezkoa da gertatzen ari den guztiaren aurrean mututzea ere. Beraz, azken boladan buruan darabilkidana partekatuz, fundamentu askorik gabeko hitzetan galduko naiz, sarri galtzea bezalakorik ez baitago bide berriak topatzeko. 

Prozesu luze honetan bada galdera ikur asko, baina ni bereziki batek entretenitu nau asperraldietan. Posible da berrogei milioi herritar dituen estatu bat gobernatzen duen alderdi politikoa, horren baldarra izatea Kataluniaren auzia kudeatzerakoan? Edo, ezkutuko interesak daude gatazkak iraun dezan?

Gogoan dut, Joxe Mari Agirretxek, Arnaldo Otegik eta Laura Mintegik Lasarteko kultur etxean eman zuten hitzaldia. Bertan, Arnaldok esaten zuen estatuaren ahulezia handiena lurraldetasuna zela, erabat egokitu gabeko nazioak biltzen baititu bere baitan. Logika horretan, ondo zetorkion euskal gatazka, Espainia batuta mantentzeko erabiltzen zutelako. Gatazka armatuak nolabaiteko estatu batasuna suposatzen omen zuen, euskal independentistak arerio komun bat bihurtu ginelako.

Borroka armatuaren amaierarekin batera, bestelako gai batzuk hasi ziren nabarmentzen, ekonomia adibidez. Krisialdiak, hainbat ustelkeri kasu bistaratu zituen, eta alderdi popularra bilakatu zen kritika gehienen jomuga. Presidentzia kolokan eduki zuten, baina oposizioaren interes politikoek ez zuten aukera berri bat sortzeko bide eman. Epaitegiz epaitegi zebiltzan bitartean, Katalunian gero eta indar gehiago zuen independentzia goseak, eta hara nola, auzia bideratu ordez, alderdi popularrak gatazka areagotzen lagundu zuela.

Orduan, pentsa liteke datozen estatuko hauteskundeei begira, identitateen arteko borrokan indartsuak sentitzen direlako, arreta gunea Katalunian jarri dutela? Agian baldarkeria politikoa baino harago, kalkulu politikoak daude jarrera guzti hauen atzean? Dagoeneko iragana da Espainiako politikaren ustelkeria. Orain, Estatuaren batasuna dago jokoan.