Amaren sabelari abesten nion aurrena. Handitzen zihoan heinean, abestuz gain, hitz egin, ferekatu, laztandu, babestu. Bagenekien han barnean entzuten genituen taupadatxo ahul eta bizkorrak, naturaren opari, doa, mirari, izadiaren xede, zirela. Amak sabelean ernaldutako hazia bizigai bilakatuz, argitzera erditzean erdibitzea eman zen. Amaren erraietara sutsuki atxikitako zilbor hestearen eteteak, negar-zotin xalo baten ondoren, arnas berri batez ase zuen gure itolarria, eta bizi berria sortu. Gorputz hura hain zen ñimiño, ahul, hauskor, ezen amildegi baten azken muturrean hari etenkor batetik zintzilik bailegoen  zaintzen genuen uneoro. Gure ezjakintasunak, zalantzek eta kezkek bete-tzen zuten zeregin berrien zakua, eta bestetik, negarrez, keinuz eta irriz gure etxeko gela eta zokoak. Eguneroko dema dugu inkomunikazioa. Berak komunikatu nahi eta guk, ostera, ulertu ez. Bizitza aldatu zaigu, bai, batzuetan ekaitz-zeru eta bestetan zorion-itsaso. Baina eguneko ordu luzeak emango nituzke gure ohe ondoko sehaska kulunkaria betetzen duen lo eztiari  begira.