Irizteko beldurrez

unai-munoa 2018ko ots. 23a, 10:00
Uniformazio idelogikoarekin kezkatuta nago aspaldian. Badakit ez dela berria, badakit moralak eta ideologiak beti mugatu dutela pertsona, askea eta bakana izateko bidean, behinik behin. Norbere iritzia emateko beldurrez sentitzen bagara, benetan sinetsi behar dugu demokrazia batean bizi garela? Audientzia Nazionalean gertatzen ari direnak ikusi besterik ez ditugu galdera horri erantzuteko

Uniformazio idelogikoarekin kezkatuta nago aspaldian. Badakit ez dela berria, badakit moralak eta ideologiak beti mugatu dutela pertsona, askea eta bakana izateko bidean, behinik behin. Norbere iritzia emateko beldurrez sentitzen bagara, benetan sinetsi behar dugu demokrazia batean bizi garela? Audientzia Nazionalean gertatzen ari direnak ikusi besterik ez ditugu galdera horri erantzuteko.

Hiru urtetarako gartzeleratu duten raperoa, Carrero Blancoren inguruan txisteren bat egin zuena zigortu zutenekoa, musika talde ezberdinetako abeslarien aurkako epaiak, marrazkilariak… Iritzia delitu bilakatu nahi dute. 

Baina, Audientzia Nazionala ez dago Madrilen bakarrik, jendartean zabalduta ere badago, eta korronte ideologiko ezberdinetan, gainera. Sare sozialetan egosten diren iritziak eta kritikak, erreakzioak eta formak esanguratsuak dira nola jokatzen dugun aztertzeko. Ez dugu iritzia iritziz ezbaidatzen, akusazioz eta etiketaz, baizik. Bestalde, ez gara oso eskuzabalak gu bezala bizi ez direnekin, edo munduari bestelako betaurreko batzuekin begiratzen dietenekin. Ahaztu egiten zaigu ez dela gauza bera Ituren herrian edo Gros auzoan jaiotzea, euskal gatazkaren lubakiaren alde batean zein bestean hazi eta heztea, emakumea edo gizona izatea... Kosta egiten zaigu bestea entzutea eta bere argi zein itzalekin onartzea. 

Txintxarri-rako idazten ditudan artikulu hauetan aukera ederra izaten dut nire zenbait ikuspegi publiko egiteko, baino onartzen dut badirela idaztera ausartzen ez naizen pentsamenduak. Batetik, ez da erraza horren karaktere gutxitan idea bat ondo azaltzea, gaizki ulertuei tarterik utzi gabe, baina batez ere, ondoren letorkenaren beldurra da isilarazi izan nauena.  

Ez dakit ausartuko naizen, ez dakit uste ditudan guztiak esateko prest nagoen... Baina, gero eta behar gehiago sentitzen dut konplejurik gabe azaltzeko nire burua herriko plazan, epaiak epai eta etsaiak etsai.