Ez, ez da batere orijinala Inauterietan Inauteriez hitz egitea baina nekosoa da oso orijinaltasunaren atzetik ibiltzea idazterakoan. Horretaz gainera, urteko egutegiak berarekin dituen jaien artean hauek ditut gustukuenetakoak. Batetik urte osoko itxura eta janzkerari egun batzuez muzin egin eta indioarena egiteko aukera ematen dizulako indio jantzian joan nahi baduzu. Bestetik, kritikarako bide izan delako mendeetan barna eta gaur egun ere satira armen begiradapean dagoen honetan, boteretsu direnen kontra joateko aukera ematen duelako umore zorrotzaren bitartez eta asko dira boteretsu: era guztietako gobernuetan dauden politikariak, ezein erlijiotako ortodoxia zaintzen duten automata arriskutsuak, munduko ekonomia jolaserako erabiltzen duten inbertsore bihozkabeak… Egurra horiei!! Armarik sinple eta eskuragarrien dugunarekin: ironiarekin. 

Askoz gehiago dira inauteriez hitz egiteko arrazoiak, mundu osoan ospatzen diren aldetik, baina ni horrek erakartzen nau: haundiei kilimak egiteko balio izan duela beti eta horrexegatik izan duela festa horrek hamaika debeku bere bizkar. 

Erakartzen nau bidenabar jai hauek eta Inauterietako egun zehatz batzuk hartu izan duten izen-sorta zabala, lekuan lekukoa: haratuste, ostegun gizen, eguen zuri, ostiral mehe, ostiral makal, larunbat inaute, zaldunita bezpera, igande inaute, zaldun inaute, zaldunita, astelehen inaute, astelenita, astearte inaute, asteartita, hausterre... 

Hitz horietako askok Inauteri epizentrora garamatzate: Tolosara!! Baina haiei eurena onartuz, guk Lasarten ospatuko ditugu, xume baina harro, batzuk, Veneziako Inauteritako jantziak soinean.