Badira giza jarduera batzuk espektatiba asko pizten dituztenak, milaka pertsona biltzeko gaitasuna dutenak, dirua barra-barra mugitzen dutenak, teleberrien arreta bereganatzen dutenak, egunkariko titularretan nabarmentzen direnak. Boterea, prestigioa, dirua, sinesmenak, identitatea…, bezalako elementuak daude jarduera horien erdigunean, abiapuntuan. Egun, kirolak (gurean, justua izateko, gizonezkoen futbola bakarrik) garai batean erlijioak edota politikak jende andana mobilizatzeko zuten gaitasuna bereganatu du. Horrekin batera, musika edo zineko izen gutxi batzuk. Horra hor gure arteko protagonistak, nahiz eta, distira laburreko izarrak izan.

Badira, aldiz, beste giza jarduera batzuk beti bigarren plano batean geratzen direnak.Telebistarentzako ikusezin mantentzen dira. Oso gutxitan ageri dira prentsako titularretan, horrekin lotutako estatistikaren bat iragartzeko ez bada. Halere, etxean bertan edota etxetik atera bezain pronto sumatzen ditugu: egunerokotasunaren parte dira. Egunero. Eguraldia edozein izanda ere, urtaro guztietan. Eta ez da pertsona talde txiki baten kontua. Pertsona oro dago une batean edo bestean inplikatua. Zaintzaz ari gara. Ezinbestekoa. Ez bakarrik haurrak, adinduak edota gaixo daudenentzat. Denentzat. Baina zaintzaileek ez dituzte ez sari, ez aitortza berezirik jasotzen, ia bizitza osoa horretan ematen badute ere (emakume asko eta asko adibidez). Egun, instanteez osatutako gizartea dugu. Eta zaintzak bizitza oso bat hartzen du. Bizitza osoa ikusezin.