Igande arratsaldetako pelikuletan bezala, ipuin guztietan erakusten digute maiteminaren ameskeria.

Nork ez du irudikatu bere burua ilargipean, itsas ertzeko kresal usainetan korrika, maiteari eskutik helduta? Ordea, apenas dakigu hondartzako muxu horien ostean gertatzen direnez, edo eguneroko bizitzaren gorabeheraz... Maitasuna helburutzat  eta lorpentzat saldua, osotasunerako behar dugun erditzat. Gabeziaz beteriko norbanakoak garela ikasi genuela ez ahazteko.

Oraindik sentitzea lortu ez badut ere, uler dezaket perfektuak garela. Perfektuak bakarrik ez, errepika-ezinak, munduan bakarrak, esklusiboak, osotasunaren adierazpen oso bat. Laranja osoa. Eta maitasuna? Osotasunen arteko batasunerako tresna, bat egitera garamatzan emul-tsionatzailea. Tresna guztien legez, erabiltzen ikastean datza sekretuak. Alegia, maitatzen ikasi egin behar da, norbere burutik hasita. 

Maitasuna labirinto baten antzekoa dela sentitzen dut. Bide bat hartu eta zeloekin egiten dugu topo, mesfidantzaren harresiarekin, eta aukera okerra egin dugula konturatzen gara. Aginte makila hartzen dugu gurera errenditu dadin, edo bere oinetara makurtu ez dadin joan, baina horrela ere bidea amaitu egiten da. Gehiegi batzeko beldurrez urruntzen gara, edo urrunduko garen beldurrez  gehiegi batu, eta berdin, ezin topatu irteera. Horrela ikasten da ordea, maitasuna erabiltzen. Horrela ikasten da maitasuna ez dela helburu bat bere horretan, berriro diot, tresna baizik. Ondorioz, erabiltzen ikasi ezean, geure burua ormaren kontra kolpatuz buka genezake, hain kristaua den kulpak, pipiak egurra lez, barrenak jaten dizkigun bitartean. 

Abandonuaren beldurra bada gazia eta baldintzarik gabeko maitasuna gozoa, bietatik probatu dugunok, surf taularen gainean goaz, minean erortzeko beldurrez eta olatua hartzeko ilusioz. Beldurrean edo ilusioan, bietako zein lubakitan borrokatuko dugun erabakitzea dagokigu guri. Ihesi edo bila.