Istorioen beharra omen dugu gizakiok. Istorioak entzun edota asmatu, idatzi, kontatu. Elikagai moduko bat da gorputza eta gure barruko munduarentzat. Bakoitzari istorio berdina modu ezberdinetan iristen zaigu sarri, behar, nahi edo egoera pertsonalaren arabera. Berdin zaio, funtsean istorio horiek munduarekin behar dugun lotura eskaintzen digute eta. 

Modu berean, herriek, komunitateek, historiaren beharra omen dute: historia bildu, jaso eta ezagutu behar dute talde gisa irudikatu ahal izateko euren ibilbidea, euren burua.

Lasarte-Oriak ez du lan erraza izan bere historia argira ekartzen. Giza komunitate bezala iragan luzea du, baina udalerri gisa nahiko gaztea da. Urteetan ez zuen berezko gune administratiborik izan eta horrek ez zuen lagundu historia osatzeko beharrezkoak izaten diren dokumentuak gordetzen eta antolatzen. Abenturazaleen trazak dituzte Lasarte-Oriaren inguruko historia ezagutzen eta ezagutarazten aritu diren pertsonen ibilbideak. Ez ditut denak aipatuko, luzea izan daitekeelako, baina adibide gisa bi ekarriko ditut gogora. 

Alde batetik, Manuel Lekuona aipatu nahiko nuke. Frankismo garaian Brigidatarren komentuan ezkutatuta zegoela ekin zion Lekuonak San Pedro eta komentuko historia idazteari. Bestetik, Antxon Agirre Sorondo, Lasarte-Oriaren inguruko hainbat testuren egilea eta urteetan Lasarte-Oria aldizkariko kolaboratzailea. Egun hauetan hil dela jakin izan dudanean pentsatu izan dut historiak badituela bere istoriotxoak, historia maiuskulaz idatzi ahal izateko suertatzen direnak. Zenbat ez ote zituzten eramango eurekin batak zein besteak!