Hezi,hazi,bizi eta denon artean ikasi

Gorka Alvarez 2016ko api. 22a, 11:07

Txiki txikitatik guztiok izan dugu gure alboan irakasle bat. Bat behinik behin; bi, hiru, hamar edo ehun ez badira. Hezkuntza arautuak ezartzen dizkigun irakasleez gain, bizitzan zehar, gure inguruan etengabea da ezagutzen ditugun eta irakasle rola hartzen duten pertsonen kopurua. Haurraren, gaztearen edota helduaren ibilbidean, irakaskuntza prozesua etenik gabekoa da. Askotan ez gara konturatzen, pertsonak, erreferenteen bidez funtzionatzen dugula gizarteko arlo guztietan. Bai, oso polita da esatea nik nire bidea egingo dut, guk gure estiloa daukagu edo nik ez dut inongo erreferentzia edo eredurik. Norbanako edo kolektibo bakoitzak badu ispilu bat non askotan begiratzen den eta askotan inkontzienteki bada ere, uste baino gehiago begiratzen dioguna.

Irakaskuntza arautuak, etengabeko aldaketak jasan ditu denboran zehar eta aldaketa hauek normaltzat har daitezke edozein sistema edo prozesuk denboran zehar izaten baitituzte aldaketak, Euskal Herrian, gure sistema propioa eraikitze aldera inoizko kontzientzia handiena nabari dut hezkuntza kolektiboan. Gainera erreferenteak denok izanda, inplikatuz gero, guztion artean hezkuntza sistema euskaldun, sortzaile, lehiakor eta batik bat hezitzaile bat eraikitzeko bidea errazago izango da. Askotan, ispiluan ageri dena gure parean dugun, laguna, gurasoa edo bizilaguna izango dela konturatzea eta gizarte baten eraikuntza etengabekoan figura hauek ezinbestekoak direla konturatzea beharrezkoa izango da. Hori lortuz gero, hezkuntza kolektibo eta sozial bat bideratu, sortu eta garatuko dugu gaurko sistema arautuaren sostengu izan daitekeena edota nork daki agian etorkizunean hezkuntza modu berri baterantzako bidea eraikitzea lortuko ote dugun hezkuntzaren pisu handiena irakasleen profesionalen gainean utzi gabe eta guztion artean gizartea heziz eta haziz.