Urtebetean, hiru hauteskunde deialdi izango ditugu. Joandako abendukoak, ekainerako iragarri direnak, eta oraindik deitzeke dauden EAEkoak. Hau ikusita, oso tarte laburrean bozka egun gehiegi jarri direla entzun dugu. Hauteskunde aurreko kanpainek neketsu eta aspergarriak direla jende arruntarentzat. Eta, gainera, gastu publikoa biderkatuz. Nire iritziz ere, alderdi politikoek gastu urriagoa egin beharko lukete elekzioen aurrean. Baina, herritarren parte-hartzearen kalitatea hautatzeko aukera libre eta ugariekin lotuta dago.

Ekaineko Espainiako Gorteetakoak eta Euskal Legebiltzarrekoak batera deitu zitezkeela pentsatu omen zuten Jaurlaritzan. Azkenean, ez da horrela egin eta asmatu dutelakoan nago. Aipatutako arrazoi beragatik, aurrena: parte-hartzeko aukerak ez direlako murriztu behar, ugaritu baizik. Halaber, ezin direlako izaera ezberdineko hauteskundeak ekitaldi berean egin, nahasketarik sortu gabe. Eta nahasketa giro batean, parte-hartzearen kalitatea ere lausotu egiten baita.

Horrenbestez, Gasteizko Parlamentua osatzeko egin behar direnak udazkenerako deituko ditu lehendakariak. Legebiltzarraren osaera nahikoa aldatuko dela aurreratu dute inkestek. Badirudi EAJ dela bere indarra sendotzen duen bakarra. Eta ‘Podemos’ taldearen sarrera, aldiz, beste guztien kalterako gertatuko dela. Lehendakaritzarako hautagaien artean, ikusteke dago zein izango den Urkulluren lehiakide nagusia. Ezker abertzalea Otegiren aldeko lan eskerga egiten ari bada ere, zaila egingo zaio neurriko alternatiba eraikitzea. Normalkuntzaren norabidean aurrera egin dugula, egindakoa Urkulluren zeinua bilakatu da. Otegiri, ordea, kostatzen ari zaio atzean utzitako gatazkaren irudiaren menpekotasunetik askatzea. Irekia dagoen ezbaiaren bi aldeak horiek izanik ere, seguru nago ziklo zaharrari erabateko amaiera emateko aldartearen aurrean garela.