Aspaldi xamarretik konturatuta gaude urtaroak aldrebesten ari zaizkigula. Aurten behintzat udazkenak gutxi izan du udazkenetik eta gainera, berez dagokiona baino denbora gehiagoan luzatu zaigu, neguari erabat esnatzen utzi gabe. Azkenean bai, azkenean negua ere iritsi zaigu baina egutegian azkenetan behar lukeenean ia. Hau mundua. 

Seguruenik gurea izango da natura aldrebesten aritzearen errua baina bueltan bueltan, honek berak gu gehiago korapilatzen gaituen sentsazioa daukat. Gabonetako argiak urtarrila amaierara arte eraikin eta zuhaitzetan zintzilik ikusi ditugu; zergatik ez da jartzeko besteko presarik izaten apaingarriak jasotzeko? Ilargiaren kapritxoz, Santa Ageda eta Inauteriak parean tokatu dira aurten eta hori gutxi balitz, Inauteriak amaitu eta oraindik ajea gainean genuela, aste horretan bertan hurrengo urteko mozorro ideia eske Udaleko txartela buzoian… ez al dugu 2016 dontsu hau patxadaz gozatzeko modurik izango ? 
Eta adi, aurten otsailak 29 egun ditu eta. Hau mundua.