Joan den igandean gure esku egon zen galdera pare bati erantzuteko aukera. Lasarteoriatarron esku. 

Aukerako hausnarketak asko dira eta idazketa honetarako espazioa txikia. Beraz, batzuk hain mendeko gauzkaten titularretan doa nere mezua. 

Lehenik esan nahiko nuke lan-harremana dudala Gure Esku Dago plataformako kideekin, lanekoa bai, baina hurbilekoa. 

Badakit ze ahalegin ari diren egiten gizartearen esku lanabes demokratikoa jartzeko, parte hartzea bultzatzeko eta goitik beherako “bermea bermatzeko” (balio beza hitz jokoak). Badakit, ikusten ditudalako eta haiek konpartitu dizkidatelako, zein muga eta arazo dituzten prozesu luze eta aldapatsu honetan. 

“Erabaki nahi al duzu?” galdera soilari erantzuten hasita, erabaki beharrekoa edozer izanda ere, askok ezezkoa ematen du, erabakitzea erantzunkizun bat hartzea delako eta ardura hori besterengan jartzea nahiago duelako. Zer esanik ez, independentziari buruz galdera egiten bazaio. 

Gizartea lokartuta dagoela esan zidan joan den igandean saltsa honetan duena eta ez duena jartzen ari den persona batek. Jendea nahiko ondo bizi da eta “status quo” delakoarekin konforme dago, beraz oso zail da eremu eta egoera ezezagunetara bultzatzea jende oldea, gizakia neurri haundi batean “kontserbadore” delako, erantsi zuen. 

Arrazoi haundia duela uste dut. Gehiago esango nuke: uste dut galdeketarena ez dela gurean bapatean sortu den mugimendua, Kataluñakoaren itzalean baizik eta hori somatzen ari da parte hartzean. Eta interes berezirik ez duten besteak alderdi politikoak dira. Batzuk nolabaiteko babesa eman diote galdeketari, baina ez dute euren militantziarik mugiarazi eta hori ere somatzen da botuemaile kopuru mugatuan. Ez da ordea aitzakia. 

Erabaki nahi dugula diogu baina gero epel jokatzen dugu eta horren adibide perfektua naiz neroni (Lasarteko Gure Esku Dagoko Gorkak ondo dakien bezala). Hala ere, ego me absolvo.