Garrantzi gehiegi ematen diot nire buruari. Haur jaio berri batek bere ama adina behar dut nor sentitu. Nire egoak behar du jakin eguzkipean zein hutsune betetzen duen, eta behar du jakin zein garrantzitsua den bere existentzia. Horretan daramat bizitza osoa, nire buruari garrantzia eman nahian. 

Txintxarrirako idazten ditudan artikulu hauek izan daitezke horren adibide. Beti plazari begira, beti plazari saltzen. Eta zer saldu? Erosteko prest zaudeten oro, baldin eta nire egoari jaten ematen badio. Zergatik ote naiz bertsolari, edo saiatu naiz izaten? Zertarako? Norbere buruari begira jartzen garenean, eta epaiketarik gabe, gure izatearen erradiografia bat egiteko kapaz garenean, bide berriak zabaltzen dira, eta zenbait korapilo askatu. 

Pertsonalitatea da nolabait definitzen gaituena, besteen begietara, behinik behin. Baina aldi berean, gure izatea mugatzen duena ere bada, sinetsi egiten baitugu hori bakarrik garela, eta noski, askoz gehiago gara. “¿Quién soy yo?  Yo y mis circunstancias”. Ezaguna egingo zaizue, ezta? Pertsonalitatea, ni-a baino gehiago, zirkunstantziak dira. Bizipenen araberako kareta soziala, gizartea den oihanean bizirauteko ezinbestekoa izan zaiguna, baina norbere garapenean kateak jartzen dizkiona ere bai. 

Merezi du norberaren mekanika ezagutzeak. Merezi du alde ilunak argitaratzeak, horiek onartzea baita geure burua onartzeko lehen pausoa. Argia eta itzala. Biak gara, eta gure osotasunean maiteko gaituzte, garen bezala agertzen bagara. 

Ez daukat ezer ezkutatzeko. Agian esan dudan guztia nire harrikada bat baino ez da, eta interesante itxura eman nahian nabil, baliteke. Baina, berdin-berdin maiteko nauzu, ezta?