Ezagutu, jardun eta gozatu

Gorka Alvarez 2015ko eka. 12a, 11:30

Uda gainean dugunean, garai honek aisialdirako eskaintzen dizkigun aukerak biderkatzen dira. Eguraldi onak eta oporraldi luzeek erraztu egiten dute kirol ezberdinak praktikatzea. 

Urtean zehar “ohiko” kirolak izaten dute presentzia handia gure haur eta gazteen kirol ohituretan. Uda, nolabait froga garaia edo esperimentazio garaia dela jakinda, ezinbestekoa deritzot gazteek eta haurrek bereziki euren lehen esperientziak izateari kirol “berrietan.” Udak, naturarekin kontaktu zuzena eskaintzen duten kiroletarako erraztasunak ematen ditu eta hori probestu behar da. Askotan, gure txikiek ezagutzen ez dituztenak ezagutu, praktikatu eta gozatzeko. 

Ene ustetan, urtean zehar egin ez dituztenak egiteko garai ezin hobea da, edota urtean zehar aritu diren kiroletan trebatzeko garaia, baina ingurunez aldatuta. Momentu ona, lehen aldiz, piragua ikastaro bat egiteko, mendi orientazio ibilbide bat burutzeko edota haurrentzako oinarrizko eskalada nahiz urpekaritza saioren bat egiteko. Helburua noski, ahalik eta kirol ekintza gehien ezagutzea, ingurune desberdin batetan eta egunerokotasunean murgilduta gauzkaten kiroletatik urrun. 

Gure belaunaldiko asko geratu gara, “ohiko” kirolen hirukian harrapatuta. Egun eskaintzen diren aukerak baliatu eta haurra esperientzia berrietara hurbiltzeko garaia ezin hobea da datorrena. Nork daki etorkizunean gurasoek irekitako ate hori, bizitzan zehar gozamenerako asialdi aukera bihurtzen den edota kasuan kasu, herrian hainbat kirolarirekin gertatu bezala, kirol ez horren entzutetsu hauek bizimodu bilakatu daitezkeen. Ezin ahantziko baitugu, Lasarte-Orian kirol ez horren entzutetsuetan goi mailako kirolariak ditugula eta izan ditugula. Horiei noski, norbaitek irekiko zien frogarako aukera, disfrutatzeko aukera, esperientzia berria bizitzeko aukera. Azken batean, kirola norberak bere burua ezagutzeko oso tresna baliagarria da. Beraz uda honetan, ezagutu, jardun eta gozatu.