Arratseko argi beteak, sukaldeko leihotik sartu, eta bazterrak argitu ditu bertan; baina aspaldian ez bezala argitasun lausoa da, pausatua.
Leihoa ireki ahala hego haize xamurra sartzen da sukalderaino, barreneraino, eguzki izpiekin jostatzera.
Beheko parkean ere jolasean ari dira haurrak. Itzal luze, ilunkarak segika dituztela erreparatu gabe, hara eta hona, salto eta korri ari dira.
Ibaiaz bestaldeko baratze bazterretan eguzkiak hondutako masusta-larrak nabarmentzen dira lotsagabeki, arantzen babesean uda bero oparoan harro.
Ibai ertzean, sustrairik gabeko landareak ere bere emaitza emango lukeen lur gozoan, uda hondarreko uzta jasotzen ari da gizasemea. Baratzeko azken fruituak dira, lurrak gizakiari esker onez eskaintzen dion altxorra, bion arteko hartu-eman estua, naturala.
Gertuko eremuan, berriz, sagar gorriak pilatzen dira. Batzuek, zuhaitzetan, tinko eusten diote oraindik adaxkari. Beste batzuk, fruitu helduaren usaina darion sagastiko belazean, han hemenka barreiatuta. Denak, baserriko atarian dagoen kupela zaharra sagar muztio gozoz betetzeko erabiliak izango direnak.
Iluntasuna abailtzen da bailarako basoetan. Pagolizar hostoak arre kolorez jausiz, zuhaitzak biluzten doaz zorua orbelez jantziz. Udazkena da, eta, ez beste ezer.