Bizikletek gobernatzen dute Kopenhage hiria. Kotxeek, motorrek edota autobusek baino toki gehiago hartzen dute eta semaforo, geldiune zein bidegurutzetan lehentasuna dute. Bizikletek duten protagonismoa harrigarria da bisitari zein turista askorentzat. Udak ezinbesteko aukera ematen du bi gurpilen gainean hiriaz gozatzeko. Baina hotza, euria edota elurra iristean, zer egiten dute bertakoek? Txirringan ibiltzeko duten abilezia eta trebetasuna ikusita (umeek zein helduek) ez du ematen aldizkako erabiltzaileak direnik. Aldiz, une gogorrenetan eguraldiari aurre nola egin dakitela dirudi.

Kopenhagenekin akordatzen naiz askotan gurean lehiotik euria etengabe ikusten dudanean. Euripean jaio, hazi eta ximeltzen gara -klima aldaketa gertatuta ere- baina, noraino ikasi dugu horrekin elkarbizitzen? Merkatalguneetara jotzeaz haratago… noraino garatu ditugu estrategiak eguraldi txarrari aurpegi ona jartzeko?

Garai batean asko ziren aterpeekin eraikitako gune zein etxebizitzak. Zumaburun dugu gertuko adibide bat. Ibai ondoko arkupetan paseo luzea egin daiteke babesean. Gaur egun, aldiz, oso gutxi dira horretan erreparatzen duten arkitektoak edota eraikin enpresak. Metro guzti guztiak salgai daude. Bestalde, aterpe azpian gorde ohi direnak (umeak, nerabeak, gaztetxoak…) ez dute beti irudi ona ematen… (soinua, zikinkeria …). Kopenhagen txirrindularientzako bide zoragarriak garatu dituzte eta bertako hiritarrek ezingo lukete euren egunerokotasuna imaginatu horiek gabe. Gurean bidegorriak egiteari ekin diegu -bete ditzagun!- baina aterperik gabeko bizitzari egokitu behar izan gara.