Maite ditut maite, gure bazterrak ... Eta maite ditut ibarrak, ibaiak, mendiak, itsasoak, soro-larreak, herriak eta hiriak.
Maite dut gure lurra, oi lur, oi lur, ene lur nerea….
Baina maite dudan lur hau, ez da lur eremu soila, ama-lurra baizik. Bizitzaren iturria, nire arbasoen sorterria, aberria.
Lur zati honen izena  Euskal Herria da, eta munduko mapetan agertzen ez den arren, zerutik begiratuta, bihotz handi baten itxura duen herria da.
Eta nire herria ez da lur zati soila;  mendiz, basoz, ibaiez eta aranez osatuta egoteaz gain, jendez osatuta dago. Jende anitzaz, aniztasunak egiten baitu herria aberats, eta aniztasuna aberats herriak.
Nik maite dudan herri honetan, herri mugimenduan antolaturiko gizon emakume guztion ekarpenari esker, sustraietara atxikiz eta gure erroei eutsiz, nazio bat osatu dugu. Eta nazio bat garen heinean, erabakitzeko eskubidea dugu, eta etorkizuna, herri honetako herritarren esku dago. Zer izan ginen badakigu, zer garen ere bai, eta orain, zer izan nahi dugun erabaki nahi dugu. GURE ESKU DAGO, bai, herria osatzen dugunon esku. Herritarron garaia da, eta eskutik helduta egingo dugu bidea.