Oheratzeko unea. Edadetutako bikote bat. Komunekoak egiten ari dira: pixa egin, hortzak garbitu... ohikoa. Bukatzeko, batak zein besteak hatzak krema potoan sartu dituzte, eta eskuak igurtzi dituzte. Esku zimurtuek egarria asetu dute. Zenbat lan egingo ote zuten urte hauetan guztietan!

Oheratzeko unea. Edadetutako bikote bat. Komunekoak egiten ari dira: pixa egin, hortzak garbitu... ohikoa. Bukatzeko, batak zein besteak hatzak krema potoan sartu dituzte, eta eskuak igurtzi dituzte. Esku zimurtuek egarria asetu dute. Zenbat lan egingo ote zuten urte hauetan guztietan! Ontziak garbitu, pardelak kendu eta jarri, umeei aurpegiko malkoak lehortu... edo torlojuak estutu, botoiak sakatu, tresnak konpondu... Talko hautsez edo lixibaz zikinduta batzuk, besteak olioz edo tintaz, biek pairatu dituzte lanaren eta adinaren ondorioak. Ondo dakigu norenak diren esku batzuk eta norenak besteak; edo, hobe esanda, esku batzuk norenak diren deskartatu dezakegu.

Esku pare batek egindako lanak, ordea, ez du beste parearen balio bera izan. Gutxietsia izan da, eta ordainpeko lanen bat eginez gero, soldata arrakala eta prekarietatea izan ditu bidelagun. Baina esku horiek lanean jarraitu dute, aurrera segitu dute; gainera, pareko eskuek eraman behar izan ez duten kargarekin, zaintzaren zamarekin.

Atzo esku horiek eta beste milakak lana albo batera utzi, eta kartelak zein pankartak eustera irten ziren kalera. Egun batez, protagonista bihurtu ziren, eta mundu guztiari erakutsi zioten han zeudela, beraiek direla munduaren sustengu, eta sistema honekin bukatzeko garaia heldu dela. 

Gaur, ziurrenik, greba aurreko egoerara bueltatuko ziren esku guztiak, baina nago planto egiteak buruetan klik bat egiteko balio izan duela. Gauzak astiro, baina aldatzen ari garen sentsazioa daukat. Urte batzuen buruan, kremaz igurzten diren eskuak norenak diren asmatzen jakin ez dezagun.