Hau da hau itsu itsuan idaztea. Artikulu xume hau irakurtzen duenak, interes pittin bat jarri badu behintzat honezkero jakingo du zer gertatu den Eskoziako independentziaren galdeketan. Idazten ari denak ordea jakinminez baina jakiterik ez duela ari da hitzak elkar-tzen. Beraz, ez dezala inork gertatuaren analisi edo iritzirik espero! 

Emaitza ezagutu arteko usteak ordea zenbait gogoeta egitera narama. Hasteko, eskoziarrek nahi dutena geratu dela isladatuta garbi garbi. Alde txikiarekin seguru asko baina biztanle guztiek eduki dute beren nahia agertzeko aukera. Ez du asko ematen baina asko da iritzia ematea, ia ez delako inon eskubide hori gauzatzen. 

Agian, Downing Streeteko gobernuak, Cameron jaunak, ez zuen espero independentziazaleak hainbeste haziko zirenik Eskozian baina txikia iruditzen bazitzaion ere, arriskua hartu zuela ezin uka. Hor ibili da kanpainaren amaiera aldera estu eta larri Edimburgon bertan EZezkoaren aldeko jarraitzaile kopurua puztu nahian. Bera bakarrik ez, Gordon Brown Lehen Ministro ohi laboristak ere BAIetzaren kalteak eta arriskuak dantzatu ditu beldur aurpegiarekin eta beldurra zabalduz eskoziarren artean. Joku zikina baina larrialdi egoeratan politiko gehienek egingo luketena.

Eta bestaldean, Alex Salmond independentista, Eskoziarren artean gehiengo osoz gobernuan dagoen politiko ausarta. Gehiengoa lortzen ez badu ere, dagoeneko garaipena eskuratua duena, inork ez baitzuen uste Britainiar Inperioko zutabeak kolokan jar zitezkeenik ere. Itsu itsuan hasitako artikulua itsu itsu esan dezakedan zerbaitekin amaituko dut: ez naiz batere inperio zalea.