Urtero bezala, aurten ere Saharako errefuxiatuen aldeko elikadura-bilketa kanpaina abian da. 40 urte dira Tinduf-eko basamortuan kanpalekuak eraiki eta bertan dirautela oso baldintza gogorretan, Espainia eta Marokoren arteko konponbide politiko baten zain. Trabarik egiten ez duten bitartean, hantxe zokoraturik betirako.
Europan ere, zeresan handia ematen ari da Siriako gerraren ondorioz errefuxiatu andana eragiten ari den gertakaria.
Egunez egun, goraka doa sufrimendutik, minetik eta miseriatik ihesi doazenen kopurua. Askok, familia atzean utzi, eta herrialdetik alde egin behar izan dute. Batzuk Siria inguruetara desplazatu diren arren, beste batzuek Europako bidea hartu dute. Trabak baino ez dituzte siriarrek errepresiotik ihes egiteko ibilbidean. Errefuxiatu oldeak oztopoak aurkitu ditu mugak zeharkatzeko. Agintariak ezadostasunean eta kontraesanean murgilduta dabiltza; egoera ahalik eta duinenean bideratzea da beroien betebeharra, ateak itxi ordez sarbidea erraztuz mugetan pilatu ordez. Inork gutxik nahi ditu errefuxiatuak etxe inguruan.
Gurean, berriz, inoiz eman den zabor sortzerik handiena da kezka iturri. Urtez urte goraka joan den kopurua izan da zabortegiak gainezka ixtera eraman duena; zaborra sortzeak ez du arazorik; desegiteak ematen ditu lanak. Zaborra alde batetik bestera darabilkigu zer egin asma ezinik. Batzuek kotxean sartu eta ondoko herrira eramaten dute bertan botatzeko. Zabor gehiena, berriz, kamioietan beste lurralde batera eramaten dute, bertako herritarren haserrea sortaraziz.
Agintariak ez datoz bat hondakinen kudeaketaren sistemarekin. Iritzi kontrajarriak daude, erraustegia, atez-atekoa, edo bosgarren kontenedorearen gain. Arazo ekonomikoa, eta nola ez, politikoa bilakatu da. Inor gutxik nahi du zaborra etxe inguruan.
Gizakia da munduan zabor eta arazo gehien sortzen dituen biziduna. Baina, zaborrak zabor eta arazoak arazo, gizakia ez da zaborra, eta ez da zabor gisa kudeatu behar.