Azken asteetan Lasarte-Oriara inguratu denari herria salgai dagoela irudituko zitzaion akaso lehen begiratuan. Hori bai, telefono zenbaki xelebre samarra dute etxejabeek… eta iruzur egiteko zenbaki horietakoren bat izango dela pentsatuko zuen segidan. Eta nola da posible etxe berean lau bizilagunek pisua saldu nahi izatea? Erraustegia eraikita eta martxan al da ba dagoeneko?

Azken asteetan Lasarte-Oriara inguratu dena, herriak erabakitzeko grina duela ohartuko zen leihoetan agertzen hasi diren kartelei ongi erreparatuz gero. Aurretik beste hainbat herrietan egin bezala, maiatzaren zazpian gure txanda izango da eta Gure Esku Dago ekimenak antolaturiko galdeketan parte hartzeko aukera izango dugu 14.000 herritarrek. Etxeak salgai edo alokairuan daudela adierazteko erabiltzen diren txarteltxo deigarriak balkoi eta leihoetan ikusten hasi gara poliki poliki eta Lasarte-Orian ez ezik, inguruko herrietan ere sortu dute jakinmina. Herri galdeketak antolatu dituzten hainbat tokietatik jarri dira hemengoekin harremanetan antzeko ekimenak martxan jartzeko gogoz. Hori bai, marka litzateke gure mugetatik kanpo era honetako kartel gehiago ikustea jatorrian bertan baino, ezta?

Maiatzaren 7ra arte bi hilabete ditugu aurretik Gure Esku Dagoela gure leihotik bertatik aldarrika dezagun.