Arrazoiaren bideak, nekarazteaz batera, arriskuan jartzen gaitu, ingurukoen epaiak gupida gabe kondenatu baikaitzake. Asko dira moralaren bitartez kate motzean lotu nahi gaituzten ideologiak, eta “diskurtsio” batean dagokigun gidoitik kanpo bagabiltza, orduan komeriak! Sarri gutxien axola baitu egiak…

Eztabaidak hausnarketa dakar, hausnarketak norabideak, norabideak esperientzia, esperientziak emaitza, emaitzak eztabaida, eztabaidak hausnarketa, hausnarketak norabidea… “Caminante no hay camino, se hace camino al andar”. Horrela garatzen dugu, hazi eta hezi egiten gara, ikasi egiten dugu. Orduan? Zergatik ez diegu ingurukoei ekibokatzeko aukera ematen? Ez al dugu oker irizteko eskubiderik? Horrenbesteko eragina al du norberaren iritziak?… edukiz bete ditzagun askatasun irrintziak!

Neronek hainbatetan aldatu dut pentsaera zein jokaera nire ibiliaren joanean, baina ideologia eta arrazoia botere harreman bilakatzen direnean… disidentzia oso garesti ordaindu genezake. Horregatik aldarrikatzen dut oker pentsatzeko eskubidea, “diskurtsiotik” iritzi trukaketara igaro gaitezen, ideaz idea. Inor baztertzeko eta epaitzeko premiarik gabe. Kontra baino, norbera berearen alde.

Ez naiz “guayismoaren” ahotik ari, eta ez nator inoren haserrea goxatzeko kontu kontari. Norberak berea! Sarri, ordea, esaten duguna baino, isiltzen duguna izaten da interesgarri.
Ez dut onartzen inor zapaltzen duen usterik, ez eta besteen gainetik ezarri nahi den ideologiarik ere. Baina, benetan iritzi librearen aldeko apustua egiten badugu, ikuskera guztiei lekua eman beharko diegu. Okindegiko sartu-irtenean agurrik ukatu gabe, alegia. Egiak bai baitaki gezur bihurtzen eta gezurrak egia.