Krisi garai hau oso interesgarria izan da zenbait gauza agerian utzi dituelako. Aberatsen eta pobreen arteko aldea nola areagotu den adibidez. Baita abertzaletasunari zenbaitetako atxikimendua dion diruak. Ustelkeria ez da gauza berria baina krisi garai honetan adina entzun al dugu horrelakorik?
Berriki publikatu da Hervé Falcianiren zerrenda famatua. Ala famatuen zerrenda…. Politikoak, enpresariak, kirolariak, bankariak. Diru pilatzaileak denak. Baina ez hori bakarrik, dirua pilatzea ez da delitu. Diru hori estatutik kanpora ateratzea ere ez. Zergatik atera dute ordea? Zergak ez ordaintzeagatik. Eta hori bai da delitu.
Batzuk gerrikoa estutzeko eskatzen ziguten bitartean beraiek diru pilak ezkutatzen. Besteak, Espainiaren izena munduan barreiatzen zebiltzan bitartean, beraien espainiar abertzaletasuna gradu gorenera eramaten zuten bitartean, zergak hain maitea duten aberritik at, beste herrialdeetako estatu zakuak eta batez ere beraien patrikak gizentzen.
Soldatapean bizi garenok ordea, pilaketa handirik ezin egin, beraz delitu handirik ere ez. Eta soldatarik ez dutenak zer esanik ez. Hala ere, nahiz eta jakin zergak ordaintzea ezinbestekoa dela gero zerbitzu onak jaso nahi baditugu, nire buruari egiten diodan galdera da proportzioan ordaintzen ote ditugun. Gipuzkoan ahalegintxo bat egin da gai honetan. Diru pilatzaile hauei ez zaie hainbeste inporta ordea bueltan jasotzen duten zerbitzu publikoa. Izan ere badute beste sarera jotzeko aukera. Hau da: Osasun pribatua, hezkuntza pribatua e.a.
Astakeria izango da baina per-tsona batek hainbeste diru pila-tzea legez debekatua egon beharko luke. Hainbesteko batetik gora, zuzenean kaxa orokorrera. Gaur egunean ez dago oso modan baina niri egia borobila iruditzen zait Karl Marxek esana: Diruak ez du aberririk.