Kosta zaio baina iritsi da udaberria. Eguna luzatu zaigu, bidegorriko overbookinga hasi da eta nola ez, ostalariek prest dituzte terrazak ere. Bakoitzak bere lokalaren kanpoaldean mahai eta eserlekuak pronto, parean pasatzen dena eguzki goxotan zerbait hartzeko tentazioan noiz eroriko zain.

Ez dut nik ezer terrazen aurka baina egia esan, azken asteetan herriko plaza nagusiak hartu duen itxurak zer pentsa jarri nau. Lehen ere baziren terrazak Okendon. Aurten ordea, bertan dagoen lokaletako batek orain arte terrazarako erabiltzen zuen espazioa itxitura batekin bereizi du eta modu honetan kalea, denona den espazio publikoa, beretzat hartu du erabat. Gune honetara sartzea tabernan bertan sartzearen pareko bihurtu baitute. 

Terrazek espazio publikoa pribatizatzen dute. Gustatu ala ez, interes pribatuen eskura jartzen dute berez denona den gunea. Eta horretarako baimena eskuratzeko ostalariek dagokiena ordainduko duten arren, aurrez aipaturiko adibidekoa baino era malguago batean egin litekeela iruditzen zait; jendearen pasabide naturalak errespetatuz, plazaren erabilera oztopatu gabe, herritarrona den espazioa inondik ere gela itxi bihurtu gabe,…

Ez da eztabaida berria eta ezta gurea bakarrik ere. Baina terraza denboraldia hasi den honetan, halako batean eserita zerbait hartzen ari garen bitartean gogoeta egiteko modukoa iruditzen zait.