Betaurrekoak eta zubiak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Yarza 2017ko ira. 29a, 11:00
Iraila amaierarekin batera iritsi ohi da urtero Zinemaldia Donostiara. Bederatzi egunez aretoen iluntasunean murgildu eta film betekadaz gozatzeko unea izaten da batzuentzat, izarrak gertutik jarraitu eta argazki edo sinadurak biltzeko parada beste askorentzat. Baina, alfonbra gorriko glamour-etik haratago, jaialdiak aukera ematen digu mundu zabaleko askotariko zinemagintzen berri izateko, eta, horrekin batera, baita herrialde horietako bakoitzaren gizarte erradiografia egiteko ere.

Iraila amaierarekin batera iritsi ohi da urtero Zinemaldia Donostiara. Bederatzi egunez aretoen iluntasunean murgildu eta film betekadaz gozatzeko unea izaten da batzuentzat, izarrak gertutik jarraitu eta argazki edo sinadurak biltzeko parada beste askorentzat. Baina, alfonbra gorriko glamour-etik haratago, jaialdiak aukera ematen digu mundu zabaleko askotariko zinemagintzen berri izateko, eta, horrekin batera, baita herrialde horietako bakoitzaren gizarte erradiografia egiteko ere. Fikzioak errealitatea du iturburu, eta, horrenbestez, pantaila handiak ezagun ditu, besteak beste, krisi globala, nazioarteko politika, jihadismoa, emakumeen aurkako indarkeria edota haurdunaldi subrogatua.
Zinegile bakoitzak ekarpen propioa egiten du afera hauen harira, bizipen pertsonalek zein tokian tokiko inguruak berak baldintzatuta, eta, zentzu horretan, begirada aniztasuna aberasgarri ez ezik beharrezkoa ere bada, konpartitzen ditugun kezken ertz guztiak kontuan izateko. Baina begirada ezberdinek ere asko dute amankomunean, horren erakusle euskaldunok drama hungariar batekiko lotura estua sentitzea edota zinemazale japoniar batek frantziar komedia bat ikusi eta barrez lehertzea.

Jatorri ezberdinekoak gara denok, baina emozioak elkartzen gaitu, sentitzeko gaitasunak. Zinema hori dena haritu eta elkar ulertzeko baliabide izan daiteke, betaurreko diferenteen bidez erreparatuz gero, ikusten duguna beti aberasgarriagoa izango dela gogoan izateko erreminta. Filmek sortzaile eta hartzaileen artean eraikitzen duten zubia da akaso errealitate jakin batzuk ulertzeko dugun modu bakarra.