Ikasturtearen amaiera bistan dago. Jada atzerako kontaketa hasi da. Nagusienak (unibertsitatean edota batxilergoan daudenak) lehenik, eta txikiagoek ondoren: denek beste urrats bat burutuko dute euren hezkuntza ibilbidean datozen asteetan. Pentsatzen jarrita hezkuntza prozesu honek badu puntu harrigarri bat, berez konplexutasunez beteriko eremua delako: ume, gazte eta familia pila dantzan, milaka irakasle. Egitasmo, inprimaki eta burokrazia amaitu gabea. Ikastetxe handiak, ertainak eta txikiak, kokapen eta izaera ezberdina dutenak. Bakoi-tzean hamaika gela, guztiak bakarrak eta bereziak, batzuk zailak kudeatzeko, beste batzuk errazagoak. Makina bat ahalegin ikasle, irakasle zein gurasoen aldetik, batzuetan norabide berdinean, besteetan adostasun batera iritsi ezinean. Jolas garaia. Haserreak, barreak. Eguneroko etxeko lanak, orduak ordenagailu aurrean, liburu tartean, etxean zein liburutegietan. Azterketak: egunak prestatzen eta egunak zuzentzen. Notak eta txostenak. Tristura eta poza. Txangoak, jaialdiak eta agurra. 

Oporrak. Hurrengo ikasturtera arte. Eta horrela doa aurrera eskola, bizitzan oinarrizkoak diren bestelako gauzak bezala, zalapartarik gabe, egunkarietako tituluetan agertu gabe, kurtso bakoitzean zehar gertatzen den guztiak mirari baten itxura izango ez balu bezala. Gure gizarteak agintzen duenaren arabera gauza harrigarriak bizitzatik kanpo gertatzen dira gehienetan: azken segundoan sartutako gola, esate baterako. 

Batzuetan fokoa itzala sor dezan pizten da: gertuko lorpen garrantzitsuak itzaltzen dituzte urrutiko distirek.