Pasa den asteko jai egunetako batean Zuberoa aldean egin genuen egunpasa lanaren aitzakian. Besteak beste, Niko Etxartekin genuen zita Atharratzen eta grabazioaren aurreko solasaldian bere eguna zela aipatu zigun. Urtebetze eguna zuela ulertuta zoriondu genueanean izen-egunaz ari zela egin zigun zehaztapena, San Nikolas egunaz hain zuzen ere. Eta gehitu zuen, euren familian sekula ez dutela urtemugarik ospatu eta aldiz, izen-egunez egiten dela besta.

Bada urtebetze eta izen-egunekin Niko Etxarten etxean bezala, heldu gara zer, nola eta non ospatu erabaki beharreko urte-sasoira. Ospatu beharra bera, ia obligazio bihurtu baita honezkero. Eta erabakiko dugu zein berrikuntza jarri aurtengo menuan, non egin oharkabean afariarekin kateatuko den bazkari amaigabea eta zer ospaturik ez dugula pentsatu arren, zer aitzakia topatu kontzientziako kargarik gabe egun hauetako gehiegikeriekin aurrera egiteko.

Gabonek erabakitzeko uzten duten tarte txiki horretan aurten lagunarteko opari ezkutuaren jolasean erronka jarri diogu gure buruari. Erosten dugunak herrian erosia behar du izan. Ez hiriburuan, ez merkatalgunean,… Lasarte-Orian eskuratutakoek bakarrik balioko dute. Gure kontzientzia kontsumista nolabait arintzeko izango da seguruenik baina herrikoa herrian geratuko dela jakinda pozik gastatuko dugu dirua. Ia dena erabakita dagoen festa hauetan zerbaiten gaineko kontrola dugunaren sentsazio sendagarriarekin.