Beharretik sortzen da biharra… eta beharrak garatzen du ekintzarako giharra. Ase-beharra baita subkontzientearen iparrorratzak iradokitzen duen iparra… beharretik eraikitzen dugu biharra.
Beharra hitzak bi zentzu iradoki dizkit, ordea. Batetik, premia, bete beharreko hutsunea, eta bestetik, lana, norbere gaitasunak proban jartzeko unea. Nor naiz ni baina? Izu batean babes eske behin izan nintzen umea? Edo, heldutasunari dagokion legez, bere buruaz arduratzen den bidaiari xumea?
Altxorraren bila bizi izan naiz luzaroan, erabateko zoriona ekarriko zidan altxorra, kutxa batean kabituko balitz bezela. Ni bai ergela! Noiz sinetsi nuen zoriona nigandik at topatuko nuela? Kotxeetan, nesketan, politikan, elite ekonomikoetan, goi mailako sektore intelektualen orgia filosofikoetan … Noiz sinetsi nuen zoriona aurkitu egin behar dela? Ni bai ergela!
Zeren bila bizi naizen baino, zeri egiten diodan ihes hasi natzaio galdezka nire buruari, iheska ari gatzagionari beldur erabakitzen baititugu helburu ugari. Baina, adi! Ez badugu barrura begiratzen, ez badugu egin garena erreparatzen, nola ezagutu zein den gure egiazko beharra? Premia da iparra, eta lana… edonora heltzeko bide bakarra, beharretik sortzen baita biharra.
Oraindik, behin izan nintzen ume izuti hura naiz askotan. Ezinbestekoa zaion maitasuna galtzeko beldur, bere ahuleziaren jakitun, gurasoen besotan. Orain gurasoak ez dira aita eta ama, ordea, baizik eta, behar ditudan pertsonen maitasuna eta gauzen balorea. Nire aukeretan sinetsi ezinda, ziurtasunik gabeko bizitzaren oihanean salbu sentitu asmotan. Noiz arte jarraituko dut baina nire buruarekin borrokan?
Gizadiaren sekretua ezkutatu nahian jardun zirenean, saiatu ziren itsasoko ur sakonetan, misterioz beteriko kobetan, basamortuko areetan… baina, azkenean… ia non saiatu ez zekitenean, otu zitzaien ezkutatzea pertsona bakoitzaren barruetan, bai baitzekiten hor ez genuela inoiz begiratuko, kanpora begira bizi garen heinean.