Oraintxe dira hamar urte Haruki Murakamik «Zertaz ari naizen korrika egiteaz hitz egiten dudanean» lana argitaratu zuenetik.
Sekula korrika egin gabekoa izatetik, egunean 60 zigarro erretzetik, bizitza erabat sedentarioa izatetik, maratoietan parte hartzera pasa zen idazle japoniarra eta bide horretan bizi izandakoak bildu zituen liburuan.
Ez naiz kirolaria, ez dut inoiz maratoirik egin,… baina liburua irakurrita, azken hilabeteetan herriko hainbat lagunek urratu dugun bidea lasterketa batekin parekatzeko modukoa iruditzen zait. Aurretik ere korrika ari zen jende bati batu gintzaion koadrila bat irailean eta maiatzaren 7an izan dugu geroztik begirada jarrita. Epe luzeko proiektuetarako erritmoa markatzearen garrantzia azpimarratzen zuen Murakamik bere liburuan eta gure kasuan ilusioa izan da erritmo horri eutsi dion motorra.
Eta azkenean hortxe dago helmuga. Begien bistan dugu maiatzaren 7a. Igandean herri galdeketa egingo dugu Lasarte-Orian eta gure iritzia emateko aukera izango dugu. Maratoiaren gogorrena behin hogeita hamabosgarren kilometroa pasatakoan datorrela zehaztu zuen Murakamik baina herri galdeketarako bi egunen faltan, hori ere gainditu dugu. Eta azken hilabeteetan igande hau heltzeko gogoz izan garen arren, aurrikus dezaket maratoia amaitutakoan Murakamik sentitu zuen poz bera izango dugula barruan.
Poza, neke pixka bat ere bai, baina batez ere abiatu berri dugun bide honetan aurrera egiteko indarra.