Azken argi izpiez goxatzera bi amona iritsi dira haur parkeko bankura. Beroietako bat, jertsearen mangapetik paperezko zapi zimurtu bat atera, eta bere lekua izanen dena garbitzen hasi da. Zapia bezain zimurtua duen esku zurbila, lehenengo hara eta gero hona darabil. Ondoren, eskuin besoa ipurtazpian sartu eta gona lisatua kontu handiz bildu du, esertzerakoan zimur ez dadin.
Bestea ondoan jarri zaio, edo jarri dute, gurpildun aulkian ekarri baitute. Honek, aurpegia argal, ahoa erdi irekia eta begizulo sakonetan ditu galduak begiak. Haurrei begira geratu da, baina ez dago haur jolasik bere buruan. Buru desordenatuan haurtzaroko oroitzapenak gordeta dituen kutxatxoa ezin aurkitu dabil, edo besterik gabe, ez zuen haurtzarorik izan, lana gogor egitea tokatu baizitzaion.
Lehenengoak hitza ematen dio, baina gaixoak ez dio deus. Honen atzean dagoenak erantzuten dio ordea, 40 urte gazteago den ahotsak. Ahots eztia du, goxoa eta apala, eta hitz egiten duen eran laztantzen du bere eskuaz amona. Maitekiro, emeki gora eta behera sorbaldan. Eskutik heldu dio hotzak dituen ikusteko, eta igurtzi batzuk emanez epeldu dizkio, azala azalaren kontra.
Amonak ez dio ezer, ez du keinu zipitzik ere egiten. Berak ez daki esku horiek ere ez dutela haurtzarorik izan, eta ez daki han nonbait familia bat utzi dutenik, eta ez daki noizbait bere etxera itzuliko direnik. Baina dakiena da, urrutiko esku beltzaran horiek maitekiro, emeki eta goxo laztantzen dutena.