Indarkeria nagusi izan den aroan jazotakoak etikoki gaitzestearen aurka direnak ere, beren kontakizun partikularra guztiona egitea nahi dute.
Horrela, errelatoaren borroka ekidin ezinezkoa bihurtu zaigu. Ezbaiari irteera bat ematearren agian, “onargarriak liratekeen gezurrak hitzartzeko” prest agertu beharko genukeela aholkatu zigun Lokarrik Hego Afrikatik ekarritako aditu batek. Ez dakit, ordea, hori baino gauza okerragorik egin genezakeen. Geroa behar bezala eraikitzeko, erantzukizunaren etika bat behar dugu. Baina, gezurretan oinarritutako itunetatik ezin da erantzunbide jatorrik atera.
Urkullu lehendakariak esan berri duen gisara, “ez dago justifikaziorik” egin ziren krimenak egiteko. Iraganaren kontakizuna ezin dugu beraz krimen haiek justifikatzeko moduan egin. Ez baitago inongo kausarik giza duintasunaren gainetik, gizakiaren bizia eta eskubideak mendean hartzeko inolako zilegitasunik duena. Horixe da belaunaldi berriei erakutsi behar diegun ikasbidea. Etorkizuna horrela antolatzea guztioi dagokigun eginkizuna da, denon axolakoa dena. Baina, indarkeria erabili edo babestu dutenek egiaren aitormena zor diote izuaren biktima zuzenei, eta era berean kaltetua izan den euskal gizarteari.
Autojustifikazioarik gabeko egia adierazteko gauza dela frogatu du Kepa Pikabeak, Maite Goizueta lasarteoriatarraren senarra denak. “Bakerantza” filmean ikus eta en-tzun daitekeen lekukotasuna oso gomendagarria da. ETAko militantea izan zen honek aurre egiten dio dagokion erantzukizunari, “nire bizitzako errurik handiena, herriaren askapena giza duintasun ororen gainean jartzea zela” aipatzean. Horrelako testigantzak ezingo dute iraganeko kaltea zuzendu, baina onuragarriak dira etorkizun bizigarriagoa eraikitzeko. Azalpen gordinez beterikoa, “Bakerantza-Al Final del Tunel” dokumentala laster izango dugu herrian ikusteko aukera.