Arrasateko zilborra

Gorka Lasa 2013ko aza. 29a, 10:13
Azken bolada honetan irrati-telebistan, prentsan eta kalean hitzetik hortzera darabilgun gaia da Fagor-en itxiera. Esan gabe doa, gai korapilatsua bezainkezkagarria dela beronek izan ditzakeen ondorioengatik. Egia esan, aspalditik zegoen Fagor krisiaren gaitzak jota, aspalditik zetorren sektorea gain-beheran, baina guztiok, edo gehienok behin-tzat, jokoz kanpoharrapatu gaituen gertaera izan da itxiera hau. Inork gutxik uste genuen Fagor bezalako enpresa indartsu bat itxi ahalko zenik, eta are gutxiago Mondragon Kooperatiba Elkarteak hori horrela gerta zedin utziko zuenik. Fagor ixtera zerk eraman duen aztertzen hastea gai antzua litzateke. Ez nuke jakingo, eta asmatuko ere ez, guzti horren atzean dauden arrazoien funtsa mamitzen; krisi globalizatu honen ondorioa izan den, kooperatibismoaren sistema zaharkituagatik izan den, kalitate-prezioaren orekan asmatu ez duelako, arduradunek egin dutena baino gehiago egin ez dutelako, edo arrasatearrok gure zilborrari begira urteak daramatzagulako, Euskal Herriko lehen enpresa taldea izanik jaun eta jabe ginelakoan. Eta orain zer? Deba Goiena bailarako agintariek Eusko Jaurlaritzari eta MCC-ri lanpostuak mantentzeko ahalegin berezia egin dezaten eskatu diete. Bailara honetan, erreferentea izan den lan egiteko moduaz eta filosofiaz gain, familia askoren etorkizuna baitago jokoan, enpresa txiki eta ertain askoren jarraipena, kooperatibismoa bera, eta zer esanik ez komertzioa eta ostalaritza. Ez dute arrazoirik falta, egia da. Baina Euskal Herrian azken urte hauetan hamaika enpresa itxi dira, hamaika familia geratu dira etorkizuna kili-kolo dutelarik, eta arrasatearrok, oraindik ere, gure zilborra besterik ez dugu begi bistan.