Ardura printzipioa

Mailu Arruti 2016ko mai. 19a, 11:30

Behin lagun batek esan zidan, bizitza honetan bi gauza eduki behar genituela garbi. 

1- Bizitzaz gozatu egin behar genuela, bakarra eta ederregia baita alperrik pasatzen uzteko.

2- Ondorengo belaunaldiei, bizimodu eta mundu hobeago bat uzteaz arduratu behar genuela.

Bigarren honetaz hitz egin nahi nuke aste honetan. Maiatzaren 7an, gure herrian guraso talde batek bere burua aurkeztu zuen, beraien seme-alaben osasunaz arduratuta eta babesteko asmoarekin. Gurasoari baitagokio ardura hori hain zuzen. Eta guraso bati bere seme-alaben osasunaz arduratzea dagokion bezala, ez al dagokie gure arduradun politikoei gure osasunaz arduratzea? Ba barkatuko didazue baina, kasu honetan ez dirudi hala denik. 

GuraSOS taldeak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari arduraz  jokatu eta mediku eta zientzialarien hitzei kasu egiteko eskatzen die. Erraustegi batek ez baitu bere inguruan bizi den jendearen osasuna bermatzen eta gurasoek bere seme-alabekin bezala, Ahaldun nagusiak ere, bere herritarrez arduratu beharko luke. Gerta dakiena bere ardura baita. Zaila iruditzen zait GuraSOS taldeak dionarekin bat ez etortzea. Ahaldun Nagusia bera ere, bere seme-alaben osasunaz arduratuko dela iruditzen baitzait. Baina azkenaldian hartutako erabakiak, kontrako norabidean doaz. Beste gauza batzuk, gehiago arduratzen diote nonbait.

Lehen aipatu dudan bezala, ondorengo belaunaldiei mundu eta bizimodu hobe bat uzteaz arduratu behar genuke eta GuraSOS taldeak eskatzen duenak, honetatik dezente dauka. Batez ere, gure arduradun politikoek egin nahi dutenarekin alderatuta. Beraz, GuraSOSek eskatzen duen bera eskatu nahi nuke, ‘’ardura printzipioa’’, ondoren datozenei mundu hobeago bat utzi ahal izateko.