Azkenaldian Twitter sare sozialean, orduoro bere ametsen inguruko txioak idazten ari den kazetari bat bada. Ametsen inguruan baino, izandako amets horiek labur kontatzen dituena. Deigarria egin zait eta egunero nabil bere txio horiei so eginez. Atseginak batzuk, utopikoak besteak eta tarteka tristeak ere kontatzen ditu. Gauero, maindire artean, mundu zirraragarrian sartzen da. Ametsak ordea, ez dira gauez egiten ditugunetara mugatzen.

Gauean izaten ditugun ametsen ezaugarri nagusia, errealitatetik gertu edo urrun egon arren, beste mundu paralelo bateko fantasiazko gertakaritzat bizi izaten ditugula  izaten da. Badaude ordea, esna egiten ditugun ametsak ere.  Begiak irekita ditugunean burutzen ditugun hauek, errealitatetik guk uste baino gertuago egon ohi dira asko eta ateak irekitzearekin, egunerokotasuneko lanean sinestearekin eta bereziki norberaren ahalegin maila eta ardurarekin dute zerikusia.

Guztiok amesten dugu begiak irekita ditugula. Lana bilatzeko ametsa, gustuko dugun mutilarekin egoteko ilusioa, kirol erronka berri batek sortzen digun zirrara… Oso mundu intimoa da ametsena eta aldi berean, gizakion proiektu eta erronken funtsa dira ametsak. Batzuk amets horri ilusioa deituko diote. Beste batzuek, ordea, helmuga. Beste batzuentzat, zoriontasuna izan daiteke. Askorentzat heldu-ezineko esperantza hutsa.

Ametsak bete ahal izateko hiru ardatz nagusitan oinarritzen naiz ni. Ametsa nire buruan ikusi, bidea bilatu eta bertara iristeko oztopo nahiz zailtasun guztiekin gozatu. Amets horretara iristea zure esku egongo da beti; bai beti. Egunerokotasunean ematen dituzun pausoek, uste baino gertuago jarriko zaituzte zure ilusio eta ametsetatik. Agian, amaieran aurkituko duzuen hori, helmuga hori,ez da izango amets idealaren islada perfektua baina, pentsa ezazue, bidean izandako gertakari, esperientzia, oztopo, poz, eta, zergatik ez, tristura guztiekin zerbait ikasi eta gozatu ote duzuen. Orduan bakarrik, konturatuko zarete guztiak merezi izan duela. Amets hori zuena, pertsonala, intimoa eta errepika ezina izango delako. Egin itzazue zuen ingurukoak zuen ametsen partaide eta bizi itzazue, bizitzaz gozatzeko eta bakoitzaren buruarekin ongi sentitzeko tresna bikain bat bezala.

Amets bat, izan nun...