Ahobizi eta Belarriprest

unai-munoa 2016ko aza. 11a, 09:30

Lehenik eta behin mila zorion euskararen maratoia gauzatzeko lanean jardun zareten guztioi, eta oraindik ere horretan jarraitzen duzuenoi. Bikaina izan da emozio guzti horien parte sentitzea, bai eta lasartearrok azken hamarkadatan eman ditugun aurrera pausoen lekuko izatea ere. 

Zuen baimenarekin, Ahobizi eta Belarriprest kontzeptuak baliatu nahi ditut, azken aldian bueltaka darabilzkidan burutazioak plazaratzeko. Jakina da garai politiko nahasiak bizi ditugula, eta ez gurean bakarrik, mundu zabalean baizik. Azken albistea Donald Trump Estatu Batuetako presidente izendatu dutela izan da, Espainian Mariano Rajoy jauna gailendu den modu berean. Badirudi, Belarriprest gehiegik eta Ahobizi gutxiegik osatzen dugula gizartea. Edozer entzuteko eta onartzeko erraztasunak isilarazi egin gaitu. Nola liteke horrelako astakeriak esaten dituzten politikariei bozkatzea herritarren gehiengoak? 

Euskal Herrian ere badira ulergaitzak zaizkidan hainbat gertakizun. Duela aste batzuk ETAren zulo bat antzeman omen zuten Frantzian. Desarmea gauzatzeko behin eta berriz bide eman duen erakundearena, alegia. Duela egun gutxi, Mikel Irastortza atxilotu zuten, hain justu ere, ETAren su-etena bultzatu eta bideratu omen duen garaiko buruzagia. Hau da, estrategia armatua alde batera uzteko adreiluak jartzen ari zena. Nola liteke horrelako kontraesanen aurrean, ez sumatzea inolako erantzunik? Ez gure instituzioek , ez eta herritarrok ere, ez al diegu presiorik egin behar sufrimendua eta gatazka bizirik mantendu nahi dutenei? Ez al dugu behin betiko kapitulu hau ixteko eskubiderik?

Uste dut belarriak prest behar ditugula ezberdinen iritziak entzun eta aintzat hartzeko, elkarbizitza sustatzeko, etorkizuna denon artean eraiki  ahal izateko. Baina, aho biziak ere izan behar dugu, baldin gure hitza eta iritzia entzungo badute. Etorkizunari begira gaudenok, argi adierazi behar diegu iraganera kateatu nahi gaituztenei, nahikoa dela, gurean ez dagoela egiaren bertsio bakar bat. Ez dugu ahaztupean erori behar, baina are gutxiago, estropezu egin behin eta berriz, harri berean. Izan zaitez ahobizi!