Lerro hauek argitaratzen direnean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaren atarian izango gara. Datorren igandean ia hiru hilabeteko ibilaldiari amaiera jarriko zaio Barakaldon, Bilbao Exhibition Center (BEC) delakoan. Final horretara iritsi aurretik bertsozaleek, antolatzaileek eta bertsolariek kilometro asko egin dituzte sailkapen fase ezberdinetan egin diren saioak direla eta. Euskal Herriari bira eman diote. Jarraipena egin ahal izan dugunontzat hori egite hutsa zortea izan da. Villabonan hasi eta Maulen bukatu, eta tartean, Gernika, Oiartzun, Oion edota Hendaia bezalako herriak bisitatu ditu bertso txapelketak. Eta toki bakoitzean plaza berezi bat sortu da, bere giro eta ezaugarriekin. Bakoitza berezia eta bakoitza ezberdina, baina denen artean nolabaiteko soka osatuz. Korrika bezalako ekimen batean gertatzen den antzera. Aurtengo edizioan Lasarte-Orian ez da txapelketaren saiorik izan, baina horrek ez du esan nahi herria bertso mugimenduaren parte ez denik. Abenduak 5ean, esate baterako, finalean arituko diren bi bertsolari, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus,Arrieskalleta Elkartean aritu ziren bertsotan bertan antolatu zen afarian. Beraiekin batera beste bertsolari bat aritu zen: Andoni Egaña. Bereak dira, hain zuzen ere, ondorengo hitzak – Txintxarriko kazetariari esanak-: BEC izaten da mugimendu guztiaren erpina, ikusgarriena baina BEC ez litzateke emango bertso eskolarik gabe eta tokian tokiko bertso mugimendurik gabe. Eta hori da, zalantzarik gabe herriko ekarpena bai bertsolaritzari, bai euskarari: bere bertso-eskola, bere bertsolariak, bere bertsozaleak, eta batez ere, Gu ere bertsotan egitasmoan parte hartzen duten haurrak. Beraientzat bereziki bertsoa hitzen jaia eta jolasa da. Euren eguneroko BEC txiki horretan gozatzen jarrai dezatela.