Etorkizunari begira!

unai-munoa 2014ko urr. 17a, 11:19

Euskal gatazka deritzaionak ez aurrera ez atzera jarraitzen du, batik bat, alde bakarreko urratsak ematea ez delako nahikoa, ez behintzat pareko lubakian daudenak ez badute keinu txikiena ere egiten. ETA-k behin betiko armak alboratzea erabaki arren, sufrimendua ez da amaitu oraindik, eta ikusi besterik ez dago, Espaniaren zein Frantziaren espetxe politikak, estatuek eragindako biktimen onarpen eza, tortura kasuak aztertzeko eta epaitzeko borondate politiko falta…

Aitortu behar dut begirunez eta inbidiaz ari naizela jarraitzen katalanen prozesu politiko-estrategikoa. Indar demokratikoen batasuna, herritarren mobilizazio gaitasuna, etorkizuna demokratikoki erabakitzeko determinazioa… Nahiko nuke gurean ere horrela balitz, baina…

Dena dela, badugu zer egin, eta are garrantzitsuagoa, badugu zer hausnartu. Atzera begiratzeak izutzen bagaitu ere, bidean ondo zein gaizki egin ditugunak azter-tzea eta kontuan hartzea ezinbestekoa deritzot, baldin eta aurrera egingo badugu. Horretarako garai ezin hobeak direla esango nuke gainera, orain katalanak direlako tropelaren buru, eta horrek aukera bikaina eskaintzen digu haiekiko elkartasunean, gurean hazia erein eta herri aske eta demokratiko baten bidean pausoak ematen jarraitzeko. 

Badakit bizikidetzari begira asko dugula egiteko oraindik. Badakit denok onartu beharko ditugula horrenbeste sufrimenduren ardura historikoak, denok. Badakit gure auzia emozionala dela  eta denbora beharko dugula iraganeko minetatik etorkizunerako ilusioa sortzeko. Baina batez ere, badakit gure herriak jakingo duela korapilo hau askatzen, eta indar politikoetatik haratago, herritarrok sortuko ditugula aske izatera eramango gaituzten bideak. Orain har dezagun arnas, iritsiko dira garai emankorragoak eta.