Udan egiteko mendi ibilbideak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 20a, 10:50
Euskal Herrian mendizaleak gara eta asko dira mendi eta ibilbidei buruz idatzitako liburuak. Jesus M. 'Txusma' Perez Azaceta herritarrak horietako batzuk idatzi ditu eta liburu berria aurkezten du. Honetan Euskal Herriko 57 mendi ibilbide azaltzen ditu eta Lasarte-Oriatik hasita familian egin daitezkeen bi ibilbide aurki ditzakegu.

"57 rutas senderistas por Euskal Herria” da Jesus M. Perez Azacetak argitaratu berri duen liburua. Honetan Euskal Herriko eskualde bakoitzeko ibilbide bat txertatu nahi zuen egileak eta Lasarte-Oriarekin zer ikusia duten bi bide txertatu ditu. “Buruntzaldean polita iruditu zitzaidan Azkorte eta Santa Barbarako bi ermitak batzea eta Buruntza mendia presente egotea. 

“Donostialdeari dagokionez, ibilbide ezagunenak alde batera utzi nahi nituen” . Horregatik aukeratu zuen Zubieta eta Oriako ibarra, azaldu digu mendizale eta idazleak.

Honetaz gain, bere aburuz, bi ibilbide hauetan gustoko dituen txokoak ere aipatu dizkigu, “Buruntza mendia eta bere inguruak gogoko ditut. Baina txoko bat aukeratzekotan Santa Barbaratik Saretxorako irteera eta bidea eta Zubietako ibilbidean, Txokoaldetik San Estebanerako igoera”.

Ibilbide hauek errazak direla eta desnibel txikia dutela aipatu digu, “familian egiteko aproposak. Ipar martxa egiten hasi direnentzat ere interesgarriak dira. Liburuan ibilbide ugari daude kirol hau egiteko aproposak”.

Gainera, ibilbideez gain lekuei buruz datu historikoak edo interesekoak ere eskaintzen ditu, “beti gustatu zait ibiltzen naizen lekuetako historia edo kultura ezagutzea, baita bertako jendearekin hitz egitea ere. Horregatik nire liburuetan horrelako datuak txertatzea gustatzen zait”.

1. Ibilbidea:
Azkorte eta Santa Barbarako ermitak

Denbora:
2 ordu eta 50 min (zirkularra)
Distantzia:
10,8 km
Desnibela:
220 m

Buruntza mendira (441m) igotzen ez bada ere, honek erreferentzi-puntu bezala balioko du. Eskualdeari izena ematen dion mendia da eta ibilbide honetan herri ezberdinetako eremuetan ibiliko gara.

Lasarte-Oriako udal zaharraren parean eta San Pedro elizaren ondotik gorantz doan bidea hartu beharko da. Eskualdeko ibilbide baten marka urdin eta horiak jarraituz. Biribilgunea pasa eta autobia azpitik igarota, eskubira egiten dugu Azkorte-Andoain kartelak jarraituz. Andoain eta Donostia batzen zituen trenbideko ibilbidea da hau. Kaxkarroko tunela pasa eta Oria auzotik doan bidearekin bat egingo dugu. Ezkerreko bidetik egin eta Azkorteko bidegurutzeraino iristen gara. Puntu honetan eskubira jo eta baserri baten ondotik igarotzen den pista bat hartuko da, honek erraz lokazten den eremu bat du eta mendi-magaletik Burundaineko muinora iristen gara, honetan Azkorteko ermita dago. Urnietako herriaren ermita 1970. urtean eraitsi zen harrobiko lanak zirela eta. Urte batzuk geroago 100 metro beherago eraiki zen berria zelaietan, non urtero maiatzaren 3an Santa Krutz egunean erromeria ospatzen den. Ermitan Azkorteko Kristoaren taila gotiko bat dago, XIII. mendekoa.

Pista asfaltatutik jaitsi, baserri batzuen ondotik pasa eta Lasarte-Oria eta Urnieta batzen dituen bidearekin bat egiten da. Ezkerraldera hartu eta igotzen goazela, bihurgune bikoitz baten ostean Elutxeta sagardotegirako bidea aurkituko dugu. Sagardotegia atzean utzita, bidegurutzean aurrera hartuko dugu Santa Barbarako gotorlekurantz. Bertan Agerreburuko hai-tzean dagoen ermitara igo daiteke, non eremuko panoramika ederra dugun. 1793 urteko gotorlekutik ateratzen gara gure sarrera atearen parez pare dagoen beste atetik eta pinutegitik jaisten gara Saretxo jatetxeraino. Aurretik, Hernanirako bidea alde batea utzi eta baserri itxura duen ur deposito baten ondotik pasako gara.

Jatetxearen aparkalekutik igo eta Jauregiko bailararen zati handi bat ikusi ahalko dugu. Eskubitik jaisten jarraituz eta baserri batzuk saihestu ostean, Lasarte eta Hernani arteko bidera iritsiko gara. 

Ezkerretik jarraitu eta pixkanaka Zabaleta auzora jaisten joango gara eta beherago jarraituz, Lasarte-Oriako erdigunera iritsiko gara. Landa-inguruan egindako txango ederra da hau.

2. Ibilbidea:
Zubietako harana

Denbora:
2 ordu eta 35 min (zirkularra)
Distantzia:
8,3 km
Desnibela:
85 m

Donostiako Zubieta auzoak Oria ibaiko ibar oparotik ibilbide atsegina egiteko aukera ematen digu.  Zubieta, Donostia eta Usurbilen parte da.

Txango zirkular erraz hau Zubietako frontoian hasten da, Santiago Apostoluaren eliza ondoan dagoena. Kale Beri etxearen ondoan, Berridi bidetik hasten dugu gure ibilbidea. Barazar Ostatua pasa eta eskubira egiten dugu Irigoien kaletik. Aurrera egiten dugu Usurbilera garamatzaten kartelak kontuan izanik eta Iruin-Astiazaran sagardotegi ondotik pasatzen gara. Lertxundi baserrira iritsi baino lehen, ezkerrerantz hartzen dugu Lasarte-Oria eta Usurbil batzen dituen marka hori eta laranjak jarraitzeko asmoz. Andatza mendira doan Done Jakue bidea utzi eta eskubirantz egiten dugu baserri eta larre artean doan harri txintxarreko bidea hartuz. Ibaixka bat igaro ondoren, asfaltora iristen gara eta Usurbil alderantz egiten dugu.

Usurbilgo Santuenea auzora iristen gara eta Oria ibaiaren ertzetik jarraitzen dugu bidea. Auzoa ezkerrean uzten dugu eta baratze batzuk gure eskubitara trenbidea zeharkatuz.Gure bidean aurrera egingo dugu eremu lau eta erostik. Gora igotzen den bidea ezkerrera utzi eta Aginagara garama-tzaten seinaleak jarraituko ditugu. Txokoalde auzora iristean, ezkerrera egingo dugu Andatza menditik jaisten den ibaixka baten bidea jarraituz. Pixkanaka igotzen joango gara. Saltxipi jatetxea ezkerrean utzi eta aurrerago Urdaiaga errota baserri-errota. Zubi txiki bat zeharkatu eta honetatik urjauzi txiki eta polit bat ikusi ahal izango dugu. Gure bidea jarraitu eta Zabalea landetxera iritsi baino lehen, eskubira hartuko dugu landarez betea dagoen eta bere erdialdean harri artean barrunbea duen parke bat zeharkatuz. Gorantz egiten dugu orduan eta San Esteban auzora iristen gara. Bere gainean ermita dago.

Jaitsiera beste isurialdetik egingo dugu Urtinea lorategiaren ondoan dagoen haur parkea alde batera utzita. Santuenea auzora itzultzen gara eta hemen Zubietako erdigunera eramango gaituen landa bidea hartuko dugu baserri artetik. Plaza ondoan eta frontoiaren parean, non aurrez aurre dauden bi paretetan errebote joko ikusgarria jokatzen den, Aizpuru baserria ikusi daiteke. Duela 200 urte, Donostia suntsitu zuen sutearen ostean hiriaren berreraikuntza erabaki zen bertan.