Sentimenez beteriko lekukoa

martin-vicioso 2017ko mar. 31a, 11:44
Emozio handiarekin bizi zuten Korrika festa Arrate Otaegik eta Fleki Izagirrek. Familiako kide eta lagunek bere omenalditxoa egingo diete astearte honetan Oztarango zubian lekukoa hartzean

Astearte gauean iritsiko da 20. Korrikako lekukoa Lasarte-Oriara. Aurten, euskara eta Korrikaren festa bereziki maite zuten bi euskaltzale omenduko dituzte familia, lagun eta herritarrek: Arrate Otaegi eta Fleki Izagirre.

Azken urtean zendu dira biak, bere gaixotasuna gainditu ezinik. "Ilusio handiz parte hartzen zuten biek Korrika ekimenean", nabarmendu dute Arrateren ahizpa Arantxa Otaegik, Flekiren alargun Maka Noguesek eta lagun Pilar Garciak.

"Bi familiatan eta lagunartean korrika beriziki bizi izan da. Eguna iritsiko da eta hutsune bat edukiko dugu. Nolabait haiek presente edukitzeko modu bat bezala ikusi dugulako egin dugu bat", nabarmendu dute.

Lagunarte eta familiek erlazio handia dute euren artean. Hori dela eta, batera omentzearen "detailetxoa" edukiko dute asteartean. "Azken urteetan ez zuten harreman fisiko handirik eduki, Arrate kanpoan bizi baitzen, baina ingurukoen bitartez mantendu dute lotura".

"Gainera, biek gaixotasun bera pairatu dute", azpimarratu du Arantxak. "Batak bestearen jarraipena egiten zuten, eta interes handia jartzen zuten horretan. Familiaren bitartez edukitzen zuten elkarren berri. Biak batera gogora ekartzea omenaldi ederra izango da".

Apirilaren 4ean beteko zituen Arratek urteak, halaber. Horregatik ere, egun berezia izango da familiarentzat.

Naturari lotutako bizitza
Lasarte-Orian jaiotakoa zen Otaegi, Goikale auzoan hain zuzen. Hiru anai-arreba dira Otaegitarrak, eta "oso mugitua eta kirolaria" zen txikitatik. Lasarte-Oriako herri mugimenduetan oso aktiboa zen, "batez ere kulturarekin eta feminismoarekin lotura zuten ekimenetan". "Lasarte-Oriako emakumeen borrokan oso presente egon zen Arrate", azaldu du Pilarrek. "Egizan eta, gerora, Haina emakumeen taldetako kide izan ginen biak, eta urte gutxitan herrian presentzia handia lortu genuen".

1999an Hainak Korrikako lekukoa hartu zuenean, Arratek jaso zuen lagun Ixiarrekin batera, biak semeaz haurdun zeudela. Orduan sabelean zen Ibaik hartuko du aurten. "Oso hunkigarria" izango dela aitortu du ahizpak. "Ilusio berezia egiten dit egun horretan tripan zuen izakitxoak aurten amaren omenez eramatea testigua".

Euskara eta Korrikarekin harreman berezia zuen Arratek. "Lasarte-Oriako AEK Muntteri euskaltegiko lehen urteetan eskolak eman zituen, urtebetez", gogoratu du ahizpak. Baina, dudarik gabe, naturarekin oso lotuta zegoen pertsona zen Arrate.

Pasioz bizi zuen mendia, eta inguruko gailur ugari bisitatzeaz gain, munduko ederrenen artean dauden beste batzuk ere igo zituen. 1993an Ameriketako tontor garaienera igotzea lortu zuen, Aconcaguara, 13 lagunekin batera.

1998an, berriz, Himalayara egin zuen bidaia. Gasherbrum IIan, 8.035 metroko mendian, astindu zuen Lasarte-Oriako Batasuna Kirol Taldeko bandera. Ilusio eta poz handia sortu zuen herrian, eta herritar asko hurbildu zen amak, ahizpak eta anaiak tren geltokian dantzatutako agurrera.

"Ibai semea eduki zuenean, erritmoa mantsotu zuen, baina ez zion utzi mendira joateari. Erronka xamurragoak jartzen zizkion bere buruari". Naturari lotuta bizi izan zen beti Arrate, eta haren bueltan egin zuen lan. Bere bikotekidearekin batera Errezilgo baserri batean abiatu zuen proiektua, eta bertan bizi ze azkenaldian. Hala ere, Lasarte-Oriarekin harreman handia izaten jarraitu zuen, eta ahizpak dionez, "asko gustatzen zitzaion egun seinalatuetan bueltatzea". Festa egunetan eta ekimen bereziak egiten ziren egunetan ohikoa zen Arrate bertan murgilduta ikustea.

Umore ona, helduleku
Zubietan jaio zen Juan Mari Izagirre, 'Fleki'. Hala ere, beti lasarteoriatarra kontsideratu dela nabarmendu du bere alargun Maka Noguesek. "Lasarteoriatarra izatea harrotasunez eramaten zuen; urte askotan bizi izan gara herriko kaskoan bertan".

"Batez ere, jendea elkarraraztea lortzen zuen pertsona zen. Oso lagunkoia, eta herrian oso maitatua. Asko zaintzen zituen ingurukoak, eta hark ere berdina jasotzen zuen". Izagirreren "umore ona" eta "izaera bromazalea" nabarmentzen dute. Lasarteoriatar askok sentitzen zuten gertukoa.

Arratek bezala, "Flekik beti izan du euskararekiko sentsibilitate handia, eta harentzat Korrikaren festa beti izan da berezia". Makak gogoratzen duenez, ez zuen edizio bat bera ere galdu, eta ahal zuena egiten zuen parte hartu ahal izateko. "Guretzat, Korrika etortzen zen eguna beti izan da oso berezia, San Pedro jaien eta antzeko festa handien modura. Bertan korrika egitea oso gustuko zuen, eta lana egitea egokitzen bazitzaion ere, zerbait asmatzen zuen herritarrekin batera  euskararen alde Lasarte-Oriako kilometroak korritzeko".

Herri mugimenduetan oso aktiboa zen Izagirre, eta herrian antolatu diren ekimen askotan "presente" egon da. "Bereziki maite zituen euskara eta Euskal Herria". Catalunyarekiko eta herri hartako egoera politkoarekiko ere sentipen bereziak zituen Flekik. Lasarte-Oriako eta Torredembarrako herritarren arteko senidetzean asko barneratu zen, eta lagun asko ditu Tarragonako herrian. 

Bisita ugari trukatu ditu haiekin. Urtero abiatzen da herritar kuadrila Euskal Herritik Catalunyara. Bestetan, haiek etortzen dira Lasarte-Oriara. Esaterako, gure herrian pasa den urtean montatutako festa ederrean oso murgilduta ibili zen Fleki, lagun artean.

Kirolari eta kirolzalea ere bazen. "Futbolean jokatu zuen urte askotan, eta Añorgan  oso maila onean aritu zen, baina bide horretan jarraitzekotan, parranda gehiegi zuen gustuko", nabarmendu dute irribarre artean. Pilarrek "realzale sutsua" zela nabarmendu du, eta asko izan direla partiduaren bueltan harekin eztabaidatutako herritar eta lagunak.

Egun garrantzitsua
Añorga eta Errekaldetik sartuko da aurtengo Korrika Lasarte-Oriara asteartean. Erdigunean eta inguruko auzoetan ibilbidea egin ondoren, Oria aldera abiatuko da. Bueltan, Oztarango zubi azpian hartuko dute lekukoa Otaegitarren eta Izagirre-Noguestarren familiek.

Biyak Bat zaharren egoitzarako norabidean, oso gertuko zuten Gure Esku Dago ekimenari pasako diote lekukoa. Familiak eta lagunek jakitera eman dutenez, gaueko 22:00etan egin dute hitzordua Ilargi Tabernan bien omenez brindisa egiteko. Ondoren, lekukoa jasoko duten gunera abiatuko dira gerturatuko diren herritarrak.

Ondare eta oroitzapen handiak utzi dituzte herritarren artean. Pasioz eta maitasunez bizi zituzten ekimenek aurrera jarraitzea ere bada haiek omentzea. Euskara eta euskalduntzea bien bizitzetako arlo garrantzitsuak izaki, Korrikaren ekimenak indar berezia du.

Datorren asteartean hurrengo belaunaldiek eramango dute testigua, Arrateren seme Ibaik eta, seguru aski, Flekiren ilobek, alegia. Esaerak dioen bezala, "izan direlako gara, eta garelako izango dira". Har dezatela, beraz, testigua, bidean aurrera eginez, urratsez urrats.