Pausoka-pausoka 25 urte

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 25a, 09:57
Jalgunek 25 urte betetzen ditu eta modu berezian ospatzeko egonaldia egin zuten Extremadura aldean udan. Bertan herri ezberdinetako elkarte eta jendearekin izan ziren eta lagun berri pila egin zituzten. Jalguneren helburua herrian aniztasun funtzionala duten pertsonei egokitutzen den aisia aukera bat eskaintzea da baina haratago doa lortutakoa, begirale eta taldeko kide zein familiek, lagun talde bat osatzen dutela diote.

Jalgune elkartea, duela 25 urte sortu zen gurean behar espezifiko bati erantzuna emateko. Gaur egun ordea, bertan dabiltzan begirale eta erabiltzaileen hitzetan, “lagun talde bat” dira. 
Elkartearen helburua, herri mailan aniztasun funtzionala duten pertsonei egokitzen den aisia aukera bat eskaintzea da. 

Eta hain zuzen ere, ondo pasa eta aisian erreferentea izatea helburuetan oinarrituz; urte hauetan Jalgune hazten joan da, lasarteoriatarrekin batera. Elkartearen bilakaera nabarmena izan da, “lan handia egin dugu barrutik kanpora. Lan honen isla, gaur egun herri mailan elkarte eta herritar askorekin lortutako lagun sarea da“ .

Jalgunextrem!
25. urteurrenaren ospakizunak direla medio, astebeteko bidaia egitea erabaki zuten Jalgune osatzen duten kideek (hezitzaile taldeak, familiak eta gazteek). “Lasarte-Oriako herritar bezala, harro sentitu eta bizi nahi dugu gure herria, eta hori da gure egunerokotasunaren oinarria”. 

Oraingoan, ospakizun berezia egin nahi zuten, “gurean egiten duguna beste herrietara  zabaldu nahian”. Jalguneren hasierako urteetan astebeteko bidaiak egiten zituzten. Salbuespen modura, egitasmo hori errekuperatzea pentsatu zuten egungo begirale eta kideek. “Gazteen proposamenak abiapuntutzat hartuta, gure egungo helburuekin bat zetorren bidaia antolatzea pentsatu genuen. Hezitzaile taldeak, familiei eta gazteei aukera desberdinak aurkeztu genizkien eta bilera partehartzaileen bidez, denon artean urteurrenaren ospakizuna erabaki genuen“.

Abuztuaren bukaeran astebeteko bidaia egin zuten. Bertan, 23 pertsona izan ziren, 14 gazte eta 9 hezitzaile. “Bidaiaren balorazioa bikaina izan da, ezin hobea. Egon garen herrietako elkarte eta eragileekin izan dugun hartu-emana oso aberasgarria izan da. Gurean  bezala, bidai honetan ere harreman politak sortu dira pertsona eta elkarte desberdinekin, adin guztietako pertsonekin aritu gara“.  

Hamaika ekintza egin zituzten Extremadura aldean. Aurretik ezagutzen zituzten  ekintza erakargarriak eta beste hainbeste berri: inguruko herriak ezagutu, igerilekuetan bainuak, asto karrera, txaranga, parranda… Giro ederra izan zuten euren artean eta “tratu bikaina jaso dugu leku guztietan”. Batez ere Arroyo de la Luz herrian eta Galisteo herrian. 

Lehenengoan, egun pasa egin zuten eta udalak egindako harrera bikaina izan zen. Bertako aniztasun funtzionala duten pertsonen elkartearekin egoteko eta harremanak egiteko aukera izan zuten ere. Udal ordezkariek harrera egin eta gero, bisita gidatuan herriko txoko kuttunenak erakutsi zizkieten. 

“Herriko dantza talde batekin aritzeko aukera izan genuen baita zeramika tailer bat egiteko ere. Folklorea, historia, kultura eta ohiturak erakutsi zizkiguten. Bukatzeko, bertako gastronomia probatzera gonbidatu gintuzten. Ederki bazkaldu genuen!“.

Caceres hiriburua eta Hurdeseko zonaldea ezagutu eta gero, Galisteo herrian pasa zituzten hurrengo egunak. Herriko etxekoandreen elkartearekin sukaldaritza tailerra egin zuten, bertako sevillana taldearekin batera pare bat dantza ere prestatu zituzten, “azkeneko egunean herriko plazan ekitaldi bat egin genuen, batzar orokor bat “egin genuen” udaletxean eta azkeneko goizean golf egokituaren federazioarekin golf saio oso berezia“. 

“Esperientzia berri hau gogoratzeko modukoa izango zelakoan geunden, eta gure aurreikuspen guztiak gainditu ditugula esan dezakegu! Hunkigarria eta ahaztezina!“, adierazi digute.

Ahaztezina
Egondako herrietako ordezkariekin harreman onak sortu ziren eta orain, denboran mantentzea izango dute helburu Jalgunekoek. “Gazteei dagokionez, beraien balorazioak oso onak izan dira eta gaur egun oraindik aipatzen dituzte Extremaduran udako egonaldian bizitako gauzak, ikasitakoak, etab. Horrek asko pozten gaitu! Ezin baitugu ahaztu beraiek direla abiapuntua eta oinarria Jalgunen“, azpimarratzen du begirale taldeak.