Odol emaile berrien bila

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ira. 18a, 11:45
Gipuzkoako odol emaileen elkarteak 50 urte bete ditu aurten; Lasarte-Oriako taldea, berriz, duela 47 urte hasi zen lanean. Euskal Herriko odol emari kopurua altua da; gure herrian bataz beste, 60 bat egiten dira hileko azken astelehenetan elkarteko kideek duten hitzorduan. Kopuru hauek mantendu edo hobetu nahiko lituzke elkarteak. Joxe Usabiaga Oria-Beheko eskualdeko eta Lasarte-Oriako arduradunarekin izan gara elkartea eta emariei buruz gehiago jakiteko.

Euskal Herrian urtean 100.000 odol emari egiten dira eta ohiko 60.000 eta 70.000 odol emaile daude Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak aste honetan eskainitako datuen arabera.

Lasarte-Orian hilabeteko azken astelehenetan biltzen dira odol emaileak eta Joxe Usabiaga eskualdeko eta herriko Odol-emaileen elkarteko arduradunaren arabera, “egunean 60 bat emari bil-tzen dira, baina garai batean 70 bat odol emate ematen ziren.” 

Izan ere, odol emaileen adina gora doa eta 20 eta 30 urte tartean odol emaileak ez dira oso fidelak.

Joxe Usabiagak aipatu digunez, Lasarte-Orian adin guztietako jendea dago, 22 edo 24 urtetatik hasi eta 65 urte bitartekoa. Baina pertson adinduen kopurua behera egiten ari da eta emariak mantentzeko jende berria behar da, “gazte jendea.”

Besteei lagundu

Joxek azpimarratzen duenez, odol ematean ebakuntza edo gaixotasun larrri bat dutenei laguntzeko balio du. “Emaileentzat pauso txiki bat da, baina mesede handia da behar dutenentzat”.

“Odol bilketa herrietan, erakundeetan, enpresetan edo unibertsitateetan egiten dugu, baita Donostian Koldo Mitxelena liburutegi atzean, Sanchez Toca kalean dugun egoitzan ere.

Lasarte-Orian hilabeteko azken astelehenetan egiten da,” azaldu du.

Odol emateko baldintzak

Odol emaile izateko baldin-tza batzuk bete behar direla aipatu ditu eta gehienek betetzen ditugula azpimarratzen du. Hauek dira:

- Adina: 18 eta 65 urte bitartean.
- Pisua: 50 kg-tik gora.
-Tentsio diastolikoa (baxua): 50 mmHg eta 100 mmHg artean.
- Tentsio sistolikoa (altua): 100 mmHg eta 180 mmHg artean.
- Pultsua: Erregularra eta 50 eta 110 pultsazio bitartean.
- Gizonen Hemoglobina-kopurua: 135 Gr-tik gora/litroko.
- Emakumeen Hemoglobina-kopurua: 125 Gr-tik gora/litroko.
- Baraurik ez da odolik eman behar.
- Osasunez normal egotea.
- Hepatitisa edo HIES kutsa-tzea errazten duten arrisku-jokabiderik ez izatea.
- Azken urtean paludismo edo txagak izan diren gune endemikoetara bidaiatu ez izana.

Hala ere, odola eman aurretik, talde medikuak historia bat egiten du, baitamiaketa bat ere, odola emateko aukerarik dagoen ikusteko.

Izan ere, pletora-sintomak, egoera fisiko txarra, ahultasun edo desnutrizio-egoera, anemia, ikterizia, zianosia, disnea, adimen-ezegonkortasuna edo alkohol, droga edo beste produktu batzuk kontsumi-tzeagatik intoxikazio-sintomak dituzten guztiak baztertuta geratzen baitira.

Joxe Usabiagak aipatu digunez, gero eta zorrotzagoak dira betebeharrak. “Lehen 50 baino gehiago eta esate baterako, tentsioa zaintzeko medikamenturen bat hartzen zuen pertsonak odola eman zezakeen. Egun pertsona horrek ezingo luke odolik eman.”

Emari kopuruari dagokionez, urtean zehar gizonek 4 aldiz eman dezakete eta emakumeek 3 aldiz. Odol-emaldien arteko gutxieneko epeak 2 hilabetekoa izan behar du.

Emanaldia eta azterketak

Usabiagak aipatu legez, odol ematea pauso txikia da. Odol emaria betetzeko 10 minutu eskas behar dira eta emanaldi bakoitzean 450 cc odol ateratzen da gutxi gorabehera. Ostean, elkarteko kideek mokadu bat ematen diete odol emaileei.

Emari hori egoitza nagusira eramaten da eta bertan azterketa bat egiten zaio. 

Honetan gorabeheraren bat ikusiz gero, odol emaileari horren berri eman eta beste azterketa bat egiten zaio emaitza ondo egiaztatzeko. Emaitza lehengoa bera baldin bada, zer daukan azaldu eta eman behar dituen pausoak jakinarazten zaizkio. “Beraz, odol emaileen osasun kontrola handia da,” aipatu du Joxek.

Gaixotasunik ez badago, emari hori izozkailuan sartzen da eta beharren arabera, ospitaleetara bidaltzen da.

Plasma eta plaketak

Baina odola emateaz gain, plasma eta plaketak ematea ere badago, “dena aprobetxatzen da. Hauek leuzemia edo beste gaixotasunak trata-tzeko erabiltzen dira.”

Plaketen bizi iraupena oso motza dela ere azaldu du: “Plaketek 5 egun irauten dute. Tarte horretan erabiltzen ez badituzu hil egiten dira. Plasma, aldiz, hozkailuan sartu eta izoztu daiteke”.

Adierazi duenez, plasma eta plaketa emaria Sanchez Toca kaleko egoitzan egiten da bakarrik. “Makina bereziak dira eta ezin dira batetik bestera ibili”. 

Era berean, makinei esker aurrerapen handia egon dela aipatu digu, “lehen bi besoetatik egiten zen plaketen emaria, orain bakarretik. Medula behar dutenei ere berdin egiten zaie. Dagoeneko ez da beharrezkoa bizkarezurrean ziztada egitea. Makinak bereziki eginak daude horretarako eta prozesu guztia egiten dute”.

Eta epe motzera plaketak jasotzeari utziko diotela ere aurreratu du, “plaketak behar dituztenek plasmarekin ere egin dezakete”. 

Egoitza berria

Odol emaileen elkarteko berriekin jarraikiz, Joxek elkarteak egoitza berri duela jakinarazi du. “Sanchez Tocako egoitza txikia geratu da. Lehen Zuatzu zegoen, baina hau ere saldu da. Orain, Antiguon Manuel Lekuona kalean lokal handi bat berritzen ari gara eta bertan zentralizatuko da guztia”. 

Bertan 20 makina jartzeko asmoa dagoela eta Donostiatik guztia zentralizatu nahi dela ere aurreratu du.

Gainera, “unibertsitateetatik gertu dago eta gazte jendea erakarri dezake” aipatu du. 
Eskualdeko jaialdia

Hau guztiaz gain, urriaren 25ean, igandean, Oria Beheko eskualdeko biltzarra egingo da Urnietako Oianume jatetxean. 

Honetara Tolosa, Ibarra, Andoain, Billabona edo Urnietako odol emaileak gerturatuko dira. 
20, 40 eta 50 aldiz odola eman dutenei diploma banatuko zaie eta omenaldiren bat ere izango dela jakitera eman  du Joxek.

“Honetara joateko autobusa jarriko da. Hurrengo asteetan jakitera emango dugu nola izena eman”, aipatu du.

Hilabetero Osasun Zentroan

Era berean, Lasarte-Oriako odol emailek hilabetero duten hitzordua gogoratu du, hilabeteko azken astelehenetan 17:30-20:30era, Osasun Zentroan gaude.

Eta “jendea behar da. Ea gazte jendea animatzen den. Odol ematea ez da gauza zaila”.