Kirol jardueretan euskarari txanda eman

Txintxarri Aldizkaria 2014ko ira. 15a, 10:45
Eskualdeko kirol ikastaroetan euskarari txanda ematea begiz jota dute Udal erakundeek. Datuak argiak dira, euskaraz egin daitekeen kirol eskaintza nabarmen areagotu da azken hamarkadan. 2014-2015. ikasturtean ere euskararen lekukoa erabiltzaileei eskainiko zaie. Hauek lekukoa hartu eta sendo eusteko aitzakiarik ez dute izango.

Irailaren hasiera gauza askoren hasiera da. Besteak beste, kirol ikastaroei ematen zaie hasiera. Izen emateak, ordutegiak, egutegia,..., ehunka herritar bere herriko kiroldegian informazio eske edota izena ematen dabil egun hauetan. Izerdia lagun, laster hasiko dira gozatzeko eta sufritzeko sesioak.

Gozatuz eta sufrituz, kirola eginez beti ere, euskarak ikastaroetan toki garrantzitsua izan dezan lanean ari dira Buruntzaldeko Udalak. Euskara eta kirol arloetan bereziki lan handia egin da eskualdean: 1999az geroztik bost lankidetza hitzarmen eta hiru plan egin dira. Guztietan “kirola euskaraz” egitasmoa parte izan da. Kiroldegietan ehunka, milaka herritar ari dira ikastaro ugari eginez eta Udalen xedea kirol zerbitzu horiek euskalduntzea izan da. Batetik, euskara ahoan darabilten monitore edo begiraleen kopurua areagotuz. Bestetik, euskara kirol jardueran hizkuntza nagusia izateko ekimenak biderkatuz.

Azken datuei erreparatuta, Buruntzaldean ikastaroa euskaraz emateko gai den monitore edo begiraleen portzentaia %95,3koa da. Ia erabatekoa, beraz. Horrek lotura zuzena izan du ikastaroetan euskararen erabilera areagotzeko garaian. Hamar urte atzera erdara nagusi zen. Orain berriz euskara gailentzen ari da. Garapen horren gakoa eskualdean nagusi den metodologian aurki daiteke. 

Metodologia
Kiroldegiko ikastaroak euskalduntzeko programaren garapenean metodologia ezberdinak erabili dira. Usurbilen esaterako, ikastaroaren hizkuntza aldez aurretik definitzen da. Gainontzeko herrietan hizkun-tza irizpidea ikasleei galdetu ondoren ezartzen zen lehen. 

Gaur egun indarra hartzen ari dena tarteko metodologia da. Alegia, ikastaro batzuetan aldez aurretik ezartzen da hizkuntza irizpidea eta beste hainbat kasutan ikasleei galdetu ondoren definitzen da. Metodologia horri erreparatuta, hiru talde egin dira: 

- A taldea. Partaide guztiek edo ia guztiek ulertzen dute euskara. Ondorioz, ikastaroa euskaraz edo nagusiki euskaraz emango da. 
- B taldea. Partaideen erdiak baino gehiagok ulertzen du euskara. Beraz, ikastaroa ia erabat euskaraz emango da. Euskara ulertzeko zailtasuna duenari azalpenak gaztelaniaz emango zaizkio. 
- C taldea. Partaideen erdiak baino gutxiagok ulertzen du euskara. Gauzak horrela, ikastaroa nagusiki gaztelaniaz emango bada ere, euskarari sarbidea emango zaio agurrean, animozko hitzetan, etab.  

Ikasturte honen hasieran Buruntzaldeko Udalek kiroldegira doazen herritarrei “Kiroldegiko ikastaroak euskalduntzeko programa”ren berri eman nahi diete. Publi erreportaje honen bitartez edota banatu dituzten eskuorrien bidez hainbat ikastaro euskaraz izango direla iragarri dute eta gainontzekoetan, berriz, talde tipologiaren arabera finkatuko da hizkuntza.

Alegia, A, B edo C talde modura identifikatu ondoren, horren baitako hizkuntza irizpidea ezarriko dute. Udalek ikastaroetako ikasleek euskararen lekukoari gogotsu eusteko plangintza serioa eta zorrotza aurkeztu dute, begiralearen hizkuntza-jokaera eta ikasleen ezaugarrien arteko oreka neurtzeraino. Konkordantzia indizea deitzen diote horri. 

Aurreko ikasturteetan ikusitakoaren arabera, euskara nagusi den A eta B taldeetan konkordantzia handia sortzen da begiralearen eta ikasleen arteko hizkuntza-harremanean. C taldeetan, aldiz, euskarari bidea ematea kosta egiten da gehiago. Irailean hasiko da ikasturte berria, kirola eginez euskarari eusteko aukera berria. Euskara gertuko ez duenarentzat iraila izan bedi euskara barneratzen hasteko lehen pausoa. Aukerarik ez zaio faltako eskualdean.