Inauteri jaiak herrian errotzen?

martin-vicioso 2017ko ots. 17a, 11:04
Inauteriak gertu ditugu, eta mozoarri azken ukituak ematen ariko zaizkio herritar bat baino gehiago. Lasarte-Oriako karnabal giroa ez da bereziki entzutetsua izan, baina beti egon dira mozorrotu eta festa giroan barneratu diren talde eta koadrilak.

Ba al da inauteri girorik herrian?

Rio de Janeirotik Kanaria Handira, eta Veneziatik Tolosara. Mundu osoan ospatzen dira inauteriak, tokian tokiko bereizitasun eta ohiturekin. 

Karnabalak baino globalagoa den festarik nekez aurki daiteke munduan. Izan ere, gaur egun inauteri bezala ezagutzen dugun ospakizuna antzineko kulturetako ohitura eta errito anitzetatik eratorria da.

Euskal Inauterien jatorriari dagokionez, hipotesi asko daude, pertsonaia mitologiko ezberdinei lotutakoak. Hala ere, munduko beste hainbat toki eta kulturatan bezala, neguaren amaierarekin eta udaberriaren etorrerarekin zerikusi zuzena du.

Mozorrotu eta dantza eta festa egiteko joera orokorra izan arren, helburuak ez dira berdinak izan leku eta garai guztietan. Noblezia herritarren artean nahasteko jazten zen Venezian, esaterako. Hala ere, ukaezina da Europako eta Amerikako karnabaletan tradizio kristauak edukitako eragina.Karnabal hitza bera latinezko 'carnem-levare'-tik eratorria da, hau da, 'haragia uztetik'. Zenbait festa pagano garizumaren etorreraren ospakizunekin nahastu zituzten.

Dena den, kritika sozialerako eta agintarien kontrako protestarako tresna gisa erabili dira historikoki inauteriak. Urteko beste garai batzuetan  irmoki debekaturik zutena, karnabaletan baimenduta zegoen. Permisibitate handiagoa zuten, behintzat.

Eta Lasarte-Orian, zer? 
Euskal Herriko eta mundo osoko festak irudikatuko dituzte 2017ko Lasarte-Oriako inauterietan. Hilaren 25ean konpartsek zeharkatuko dute herria, elkarteek eta koadrila ezberdinek osatutako jantzi eta karrozekin. Asteburu honetan, berriz, Euskal Inauteriak ospatuko ditugu. Lehengo urtean egin zen modura, aurten ere zubietarrei harrera egingo zaie Hipodromoko zubian.

Gipuzkoako eta Euskal Herriko txoko askotan inauteriak oso errotuta, eta jatorri ezberdinetakoak izan arren, ezagunak dira Tolosakoak edota Ituren eta Zubietakoak. Gure herrian hainbeste girorik ez da egon, baina beti eduki ditugu inauteriekin gozatu duten herritarrak.

Lasarte-Oriako parranda giroaz galdetzeko herriko ostalari beteranoengana jo dugu. Mila Insaustiren ustez, "duela 20 edo 30 urte jende gehiago mozorrotzen zen inauterietan". Tabernariaren ustez, garai batekoarekin "ez dago alderatzerik". Ostiraletik igandera mozorrotzen omen zen jendea, "egunero jantzi desberdina erabiliz".

Hala ere, ez dute uste inauterietako giroa bere horretan "okertzen joan denik". Orokorrean, Lasarte-Oriako eta beste hainbat herritako kaleko bizitzarekin gertatutakoarekin erlazionatzen dute. Izan ere, garai hartan "jende gehiago ateratzen zen" bai kalera, baita tabernetara ere.
Ohiturak aldatuz joan dira, baina karnabalak bizirik mantentzeko borondatea ez dute zapuztu.

Herria, ‘unibertso’
Duela urte batzuetatik honera, herriko elkarteek eta Udalak bultzatuta, inauterietan Lasarte-Oria bera mozorretzeko hautua egin zuten.

Herritarrak mozorrotzera gonbidatzeaz gain, festa egunean herria 'unibertso' moduko batenpean estaltzen da.

Konpartsak eta larunbateko desfilea izan dira azken urteetan inauterietako erakargarri nagusietako bat. Herriari emandako gaiarekin zerikusi zuzena duten mozorroak eta karroza apainduak prestatzeak "beste kolore bat" eman dio Lasarte-Oriako inauteri giroari, herritar batzuen ustez.

Taberna eta saltokiek ere bat egiten dute proposamenarekin, eta lokalak eta langileak gai nagusiaren barneko mozorroak eramaten dituzte; gune bakoitzari bere izaera propioa emanez.

Ondorioz, gaur egungo kale giroa "duela hamar urtekoa baino hobea" da elkarrizketatutako talde eta norbanakoen ustez. Nahiz eta, arestian aipatu bezala, ez iritsi garai batean zegoen horretara.

Etorkizunera begira
Denak puntu batean ados dira: inauteri giroak Lasarte-Orian etorkizunik izan dezan "ezinbestekoa" da ahalik eta herritar gehienen parte hartzea.

Aurten, Euskal Inauteriei indar handiagoa emateko apostua egin dute, festa biharko egunera aurreratuz. 

Hurrengo asteko igandera begira, berriz, egitarau berezia prestatu dute. Banakako mozorroen lehiaketa herrikoia egingo dute, lehenengo aldiz, eta musika taldeek girotuko dituzte kaleak goiz eta arratsaldean.

Formatu berriak arrakasta izango duen ala ez galdetuta, "ikusteko" dagoela erantzun dute elkarrizketatu gehienek. Erronka "interesgarria" dela onartu arren, herritarren erantzuna ikusi arte aurreikuspenak egitea "antzua" dela onartu dute.

Jaiarekin gozatzea da karnabaletako helburu nagusia; aldi berean, festaren parte izanda. Ohitura zaharretan oinarrituta egon arren, gaur egun izaera berezi eta berezkoa dute inauteriek.

Lasarte-Oriako talde batzuek beti eduki dute festa hau ospatzeko joera, giro erakarriegirik ez zegoenean ere. Haietako batzuekin hitz egin dugu karnabalak nola bizi dituzten edo ospatu izan dituzten azaltzeko.

Garai batean, hiru egunetan mozorrotzen jendea: ostiraletik igandera

Azken hamarkadan lasarte-oriako inauteri giroa hobetu da, herritar batzuen ustez

 

Herriko gazteen artean karnabalen sua piztuz

Lasarte-Oriako gazteek inauterien ‘suspertzearen’ aktore garrantzitsua izan dira. Txorimalo gazte asanbladatik eta Sorgin Jaietatik aldarrikapenez jositako konpartsak eta mozorroak landu dituzte urte guzti hauetan.

Zaila da inauteri giro handia duten herriekin lehiatzea, eta batzuetan, lasarteoriatar askok Tolosara edo Donostiara joateko hautua egiten dute karnabaletako larunbatean.

Gazte lasarteoriatarren belaunaldi ezberdinek hori hala izan ez dadin egin dute lan, desfile alternatiboak eginez, bazkari eta afariak antolatuz edota mozorroen eta antzerkiaren bitartez aldarrikapenak bideratuz.

Izan ere, inauterien festak berezkoa duen balio aldarrikatzailea balioan jarri izan dute gazteek. Historian zehar, leku askotan, kritika sozialerako eta agintariekiko desadostasuna erakusteko tresna ere izan baitira. 

Txorimalo eta Sorgin Jaiak 
Txorimalo Gazte Asanbladako kideak mozorrotzeari ekin zioten 2000ko hamarkadaren hasieran. Gogoan dute, esaterako, Egunkaria itxi zutenekoa: 2003ko otsaila. Inauteriak gertu zirela eta, jantziaren bitartez protesta egitea erabaki zuten. Goardia Zibilez mozorrotu ziren urte hartan, eta egiazkoak agertu ziren herrian.

Inauteriak urteroko hitzordu bihurtu eta kaleak hartu zituzten pirataz edo estralurtarrez jantzita, esaterako.

"Lasarte-Orian ibiltzen eta ateratzen ginen eta, beraz, naturala zen guretzat herrian bertan mozorrotu eta konpartsa egitea", azaldu dute.

Herriko gazte mugimenduak ekintza ugari bultzatu zituen garai hartan. Inauterietako festaz gain, Multimusikala jaialdiaren eta Sorgin Jaien sorrera ere garai hartakoak dira.

Sorgin Jaien batzordetik ere karnabaletako giroa dinamizatzen saiatu izan dira. Urte askotan, bazkaria antolatu dute sagardotegian. Lehengo urtean, berriz, otordu xumeagoa egiteko erabakia hartu zuten kale Nagusiko aterpetan.

Aurten, ordea, ez dute ekintzarik antolatu, momentuz. Dena den, azaldu dutenez, bazkaririk egin behar balute datorren astean zehar emango lukete jakitera.

"Pozgarria da gazteak atzetik datozela ikustea"

Zabaleta Auzolan Elkartea
1998. urtean mozorrotu ziren lehenengo aldiz Zabaleta Auzolaneko kideak. Ordutik ez diote hutsik egin urteroko hitzorduari, eta erdigunerako desfileak ez du indarrik galdu.

25 urte beteko ditu aurten Zabaletako auzo elkarteak, eta datorren urtean 20 egingo dituzte lehenengo aldiz konpartsa atera zutenetik.

Azaldu dutenez, "auzotarren partehartzea beti izan da nabarmentzekoa". Hala ere, aitortu dute izan direla urte jendetsuagoak. Izan ere, inauterietako eguraldia ez da da beti lagungarriena izaten, eta ezinbestean, hari daude lotuta.

Auzokideek gogoratzen dute 1998an, mitologia gai hartuta, lehen aldiz mozorrotu zirenekoa. Elkarte eta auzoarentzako gune baten beharra aldarrikatzeko baliatu zuten. "Pentsa, oraindik ere eskakizun berarekin jarraitzen dugu", adierazi dute auzokideek. 

Inauterietako herriko giroa asko aldatu dela uste dute Zabaleta Auzolaneko lagunek. "Konpartsa atera genuen lehenengotarikoak izan ginen, eta gehienez ere koadrilaka mozorrotzen zen jendea orduan".

Herrian gai orokorra jartzen hasi zirenetik, "giroa hobetu" dela aitortu dute. Hala ere, parte hartzea handiagoa izan daitekeela dute.

"Karnabal giro polita izan nahi badugu, ezinbestekoa da norbanako eta talde askoren inplikazioa", azaldu dute kideek.

Gaur egun, herrian adostutako gaiarekin bat egiten dute, eta beste konpartsekin batera ateratzen dira desfilean. Auzolanean prestatzen dute furgoneta eta norberak bere mozorroa prestatzen du, ondoren. Saiatzen dira osoa edo, gutxienez, elementuren bat beraiek egiten.

Erreleboa bermatuta
Ibilbide luzea egin dute orain arte Zabaleta Auzolan Elkarteko kideek. 25 urte hauetan jende askok hartu du parte haiek antolatutako ekintztetan.

Auzoan jaio eta hazi diren pertsonez gain, bertara bizitzera etorritakoak gehitu zaizkie, eta hauek ere Zabaletaren dinamizazioan paper garrantzitsua jokatu dute.

Halaber, "pozik" dira auzoko gazteen parte hartzearekin. Hasierako konpartsa horietan ateratzen ziren haurrak dira,gaur egun prestakuntza lanetan aritzen diren gazteak.

"Alde batetik, pozgarria da atzetik gazteak ditugula ikustea, baina nabarmentzekoa da hasieran zegoen jendeak ere bertan jarraitzen duela", diote kideek.

Inauterietan zabaletarren partehartzeak zerikusi zuzena du auzo elkartearen garapenarekin.
Gogoratzen dutenez, Zabaletako jaiak prestatu ondoren edo San Pedroetan atera ekintzaren bat antolatu ondoren, "naturalki" atera zaien ideia da.

Azken batean, herri edo auzo bezala, batera ateratzeko hitzordu aproposa dira inauteriak.

"Azken urteetan jende gehiago animatzen da"

Emakumeen Zentro Zibikoa
Urteroko desfile ohikoenetako bat Emakumeen Zentro Zibikoko kideek egiten dute. Mozorroak haiek prestatu, eta koreografia bereziak lantzen dituzte.

2004. urtean sortu zen Lasarte-Oriako Emakumeen Zentro Zibikoa, eta batera egin zuten lehenengo ekintzetako bat Inauterietako mozorroa prestatzea izan zen. Azaldu dutenez, "herriko giroa hilda zegoen garai horretan" eta dinamizatze aldera ideia ona zela pentsatu zuten. Halaber, soilik emakumeek osatutako konpartsa baten sorrerak zuen "indarra" nabarmendu dute.

Gaur egungoa, ordukoarekin alderatuz, hobea ikusten dute. "Azken urteetan ikusi dugu herritar gehiago animatu dela mozorrotzera eta konpartsetan ateratzera". Alde horretatik hobekuntza ikusi badute ere, gogoan dute garai batean intentsitate handiagoz bizi zirela Inauteriak. "Egun gehiagotan mozorrotzen zen jendea" eta mota askotako "tramankulu eta inbentoekin" ateratzen ziren herritarrak kalera.

Bidean, zerbait okertu zen eta karnabal giroa ahultzen joan zen. Herritar asko Donostiara, Tolosara eta inguruko beste herri batzuetara jotzen hasi zen. Zentro Zibikoko emakumeen ustez, "lasarteoriatarrak, ahal zen heinean, bertan geratzea zen inauterietan ekintza berezia egitearen helburuetako bat".

Etxean egindako mozorroak
Mozorro ezberdinak egin dituzte 2005etik honera.  Besteak beste, SuperWoman, Femme Fatale, Bitxiloreak, Gozokiak, Surflariak, 20ko hamarkadako 'charlestonak', behi eta zezenak, brasildarrak, maitagarriak, 60ko hamarkadako emakumeak, antzineko emakumeak eta aurtengo tunoak.

Urtero, mozorroak beraiek egiten dituzte, nahiz eta batzuetan denboraz larri ibiltzeagatik ezin izan duten. Dena den, urte horietan ere osagarriren bat egiten dute Zentro Zibikoan. Azaldu dutenez, azken urteetan "gaia jakin ahala" jartzen dira lanean, ahalik eta mozorro landuena kaleratu ahal izateko. Aurten tunako kide bihurtuko dira.

Desfilean zehar egiten dituzten dantzen koreografiak ere haiek prestatzen dituzte urtean zehar Zentro Zibikoan. 

Alde horretatik, inauteriak ez dituzte soilik urtean asteburu batean bizitzen. Asteroko prestaketa lanen ondorioz, karnabalarekin etengabe gozatzeko parada izaten dute Zentro Zibikoko emakumeek.

Etorkizunera begira hobetzeko tartea ikusten dute. Aurten Euskal Inauteriak asteburu bat lehenago egingo dituzte, eta  Zentro Zibikoko emakumeen ustez, bi asteetan karnabalak ospatzeak giroa hobe dezake. Halaber, hurrengo asteko igandeko egitarauak asko eman dezakeela uste dute.

Hori bai, jendearen parte hartzea "ezinbestekoa" ikusten dute festak aurrera egitea nahi badu.

Inauterien arima bizirik mantendu dutenak

Lasarte-Orian konpartsa eta desfileek historia handirik ez duten arren, badaude talde eta koadrila batzuk inauteriak betidanik ospatu dituztenak. Seguru aski, haiei esker, besteak beste, hobetu da herriko karnabaletako giroa.

Koadrilarekin batera mozorrotuta ateratzea inauterien pizgarri nagusietako bat izan da, betidanik, festara taldean eta hamaika osagarrirekin ateraz. Lagun artean jantzia aukeratzeko eztabaidak luzeak suertatu daitezke batzuetan, urtean behin baitira inauteriak.

Beste herri batzuetan baino karnabal ohitura murritzagoa izan arren, aspalditik mozorrotzeko ohitura izan duten koadrilak badira Lasarte-Orian.

Herriko festa giroa altxatzeko baino, "ongi pasatzeko" eta inauteriak "bizitzeko modua" delako egiten dutela azaltzen dute. 

Mozorrotzen zen jende kopuruari erreparatu gabe, “norberarengatik edota ingurkoenatik” egin izan dutela diote beti jantzi diren horietako batzuek. Hala ere, “pozgarria” zaie gero eta jende gehiago ikustea.

Testigu gehienek diotenez, gaur egun duela hamabost urte baino jende gehiago mozorrotzen da Lasarte-Orian. Ezin jakin koadrila hauen eragina zehazki zenbaterainokoa izan den, baina ukaezina da urte 'lehor' horietan herriko giroa alaitzen lagundu zutela.

Talde asko, koadrilaka
Konpartsa bezala egituratu aurretik, herriko talde batzuek desfileak egiten zituzten.

Erketz Dantza Taldekoak, adibidez, aspalditik baliatu dituzte inauteriak batera festara ateratzeko. Esaterako, 100 lagun baino gehiago batu ziren Asterix eta Obelixetaz mozorrotu ziren urtean. Dantza eskolako umeen partehartzeari esker desfile handia antolatzen zuten, koreografiak eta guzti. Gaur egun, planteamendu "lasaiagoa" egiten dute.

Urte batzuetan, inauterietan ezer berezirik egiteari utzi ondoren, koadrila bezala ateratzen hasi ziren. Pixkanaka,  jende gehiago batu zitzaien eta desfileak konpartsaka egiten dituztenetik bertan ateratzen dira. Haiek bezala, herriko talde asko animatu dira azken urteetan euren karroza edo konpartsa ateratzera. "Ez, agian, Donostian egiten duten irmotasun edo solemnitate horrekin", baina bai festa giroan gozatzeko asmoarekin.

Euskal Inauteriei buruzko gogoeta

David Egizabal Euskal Inauterien antolakuntzako kidea.

Urtero legez, hemen dira inauteriak. Inauteriek bere barnean gordetzen duten sinbolismoak liluratuta, iaz, egitasmo berri bat abiatu genuen Lasarte-Orian Zubietarren laguntzarekin batera. Aintzinatik datorkigun ohitura balioan jartzea da gure erronka nagusia. Aldi berean, nabarmendu nahi dugu bere oinarrian garrantzi handiko ospakizunak zirela inauteriak, bere ezaugarri erritualengatik, behinik behin. 

Gaur egungo izaera ludikotik urrun. Jakintza mota baten ondorioz egituratu zirela azpimarratu nahi dugu: Ziripot, Zaldikoak, Txantxoak, Kokomarruak, Kamarroak, Trapujaleak, Kaskaboboak, Zapzuzaharrak, Zarramuskeroak eta horiek denak garai hartako jakintzaren islada zirela.

Ez da, inondik inora, erronka erraza. Izan ere, inauterien inguruan hipotesi asko dago eta zaila da jakitea zein den zuzenena. Bai, agian, zeinek azaltzen duen modurik garbienean inauteri ezberdinetan antzeman daitezkeen komuneko elementu horiek. Jakinda xehetasun guztiak ehuneko ehunean azaldu ditzakeen teoriarik ez dagoela, noski. 

Inauteri bakoitzak bere ezaugarriak ditu; desberdinak, baina aldi berean, elkarren artean elementuak konpartitzen dituztenak. Iturri berdinetik edan izan balute bezala.

Hori izan da Lasarte-Oriako Euskal Inauterien abiapuntua. Inauteri ezberdinen elementuak eta erritoak ezagutzen ditugu. Esanahiak, ziur aski, ez; baina hipotesiak bai. Zergatik ez egin Euskal Inauteri tradizionaletan oinarritutako Euskal Inauteri eguneratu berria? Helburu zehatzarekin. Batetik, inauteri tradizionaleko ustezko mitoekin bat egingo duten elementuekin eta, bestetik, egungo "mito"-ekin bat egingo dutenekin. 

Egitasmo handia. Handiegia agian. Baina, gure ustez, zirraragarria dena. Arriskuak daude? Bai, horixe. Inauteri desitxuratu bat osa dezakegu. Hori izan daiteke akatsik larriena eta, horregatik, emango ditugun urratsak poliki eman beharko ditugu ikuspegia ez galtzearren. Egitasmo honek urtetako ibilbidea beharko du, urtetik urtera elementuak txertatuz; ikusiz aldez aurretik azaldutako helburutik gerturatu edo aldendu gaituzten.

Laster dira inauteriak. Eta edozein istoriok edota mitok bezala, badu hasiera bat…

"Otsailak 18, alkateak bere jantzi dotoreena prestatu eta gero, herriko mugara abiatu da. Gaur, herriko mugan bilkura inportantea du. Hitzarmena adostu ezean, kalamidade latzenak jauziko dira herriaren gainean. Bilkura horren arabera, urte oparoa edo urte gorria izango da".