Imanol Uriberen lekukoa herriari

jon-altuna-egitegi 2015ko mar. 24a, 11:42
Abuztuan 25 urte beteko dira Imanol Uribe herritarra auto istripuz hil zela. Ezaguna zen Lasarte-Orian, batez ere herrigintzan egindako lanagatik. Haren omenez, familiak kilometroa erostea erabaki du hirugarrenez, 93an eta 95ean egin bezala. “Berak oso gustukoa zituen Korrika eta AEK, beti egin izan dut zerbait beregatik, inori ezer esan gabe... Aurrez beste bi kilometro ere erosi nituen Imanolen izenean, halako gauzen bitartez gogoratzen dut nik semea”, Pepi Arregi amaren hitzak.

Sei kideko familia zen Uribe-Arregitarrena. Pepi ama, Santos aita eta lau seme-alaba: Miren Maite, Iñaki, Imanol eta Idoia. Harreman estuena Iñaki nebarekin zuen, nahiz eta izaeraz “erabat desberdinak” izan amaren hitzetan. “Iñaki primeran portatu da beti berarekin”, dio Pepik.

Anaia txikiari zor zaion errespetuarekin, Iñakik honela gogoratzen du Imanol: “Zintzoa, jatorra, irekia, festazalea, jai egunetan langilea eta lanean alaia eta militantea, 80ko hamarkada hortan ez zen beste modurik... Erraza da neretzat Imanolentzat loreak pilatzea. Irekia zenez, erraza zen berarentzat jendearenganako harremana. Eta jendearentzat erraza zen berarengana hurbiltzea”.

Izan ere “saltsa” askotan parte-hartu zuen Imanolek gazte garaian. Oria ibaia garbi egon zedin aldarrikatzeko jaitsieran zein euskararen aldeko ekintzetan; gaztetxean eta Gazte Asanbladan lanean edota Hipodromoan herriko errugbiaren hastapenetan; EGIN egunkariko herriko kronika egiten, Egunkaria Sortzeneko herriko taldean edota jaietako txoznan; Lasarte-Oriako Tximua Irratian edota Okendo Zinema Taldean, besteak beste. Herrigintza eta euskalgintzarekin lotura estua zuen beraz.

Azken finean, Lasarte-Orian antolatzen ziren gauza askotan parte-hartzen zuen Imanol Uribek. Hain maitea zuten lagun eta ezagunek, hil eta hilabetera omenaldi gisa Kultur Eguna antolatu baitzuten haren memoria gogoratzeko. 

Dultzaineroak, pilota partiduak, Tapia eta Mutriku trikitilariak, Mus Txapelketa, Mural margoketa, saskibaloi partiduak, Takolo, Pirrutx eta Porrotx pailazoak, Kazkabarra Taldea, Garin eta Aterpe bertsolariak, eta gaueko rock kontzertuak izan ziren Ke Putada eta Kiowaken eskutik. 1990eko irailaren 22an izan zen hori.

Kartel eta afixa bat ere atera zuten egun hura iragartzeko, honako hitzokin: “Egun xume hau antolatzen mugitu garenok, zurekin zor txiki bat bagenuela pentsatzen genuen, eta era berean bi gauzatxo eskertu nahi genizkizun. Eskertu bai urte hauetan zuk egindako lana, bai Gazteen Batzarrean, Ostadar KTan, herriko Tximua Irratian edo azkenaldi honetan Okendo Zinema Taldeak ematen zituen pelikulen proiekzioetan, inolako interes pertsonalik gabe. Horrela, egun guztietan parrandaz ibiltzeko nahiz gizarte lanaren konpromezua hartzeko denborarik badagoela erakutsi duzu. Horrexegatik, larunbat honetan berriro elkar ikusiko dugu, bai dultzainero eta trikitilariekin, musean, bai Takolo eta beste pailazioekin barre egiten, Kazkabarra taldea entzuten eta gaueko rock kontzertuetan ipurdia mugitzen. Horregatik, argi eduki Imanol, larunbat honetako parranda zuregatik dela”.

Hamaika kontu
“Beti izan da oso mutil irekia, zirikalaria”, oroitzen du Pepi amak. “Txikitatik zuen zirikatzeko joera. Gero atzetik etorri ui ama, haserre al zaude? Galdetzen zidan. Behin bere maisu batek esan zidan 'es el hijo que todos deseamos tener pero el alumno que tememos en clase, les explica a los demás como es y luego me falla él', gogoratu du irribarre batekin Arregik.
Haurtzaro zaila eduki zuen ordea, alergiekin-eta zebilenez, kortisona eman zioten amak medikuei nahikoa zela esan zien arte. Gaixotasunak ordea, arrastoa utzi zion eta oin bat bestea baino motzagoa zuen. Amaren atentzioa eskatzen zuen %100ean.

“Idoia arreba txikiena jaio zenean esaten nuen, nola moldatu behar dut? Egunero atera behar nuen Imanol paseatzera, jela, elurra edo euria egin kalera atera eta harekin ibili behar izaten nuen. Gaixotasun serioa zen, ezin zuen bularra hartu. Medikuak esan zigun 35 urte baino lehenago bizkarretik operatu behar izango zuela, hanka bat bestea baino motzagoa zuelako. Idoia arreba txikiena jaiotzean zeharo egin zuen hobera, sekulako jostailua izan zen beretzat. Ni beldur nintzen eta begira, askotan erabat ekibokatuta egoten gara”, dio amak.

Urteek aurrera egin ahala eta koxkortzen ari zela, estudiatzeari garrantzia gutxi ematen ziola oroitzen du Pepi Arregik: “Bizkorra zen, edade horretan berak ez zion zentzurik ikusten estudiatzeari. Langabezia handiko garaiak ziren, enpresak ixten ari ziren, bere arrebak ordu asko pasatzen zituen ikasten eta esaten zuen hainbeste ordu eta gero lanik gabe egotea ez zela normala... Hil zen urtean esan zidan Kazetaritza ikasi nahi zuela, baina ez zuen sekula ikasi”.

Izan ere, 1990eko abuztuaren 16an zendu zen Añorga parean, auto istripuz. Mundua erori egin zitzaion familia osoari: “Aditzen duzunean akzidenteak gertatzen direla, zenbaki bat bihurtzen dira, baina zuri gertatzen zaizunean konturatzen zara pertsonak direla atzean daudenak. Nik semea ez dut ikusten, ez dut ukitzen, baina bizirik dago. Argazkiak ez ditut nahi. Azken aldiz ikusi nuenean  koleta zeukan, bustita zeukan siestatik esnatu eta dutxatu egin zelako. Nik sekatu nion. Horrekin geratzen naiz, bere rekuerdoarekin, ez dut argazkirik nahi”. 

Koletak esanahi bikoitza zuen Uriberentzat. Preso guztiak askatu arte moztuko ez zuela esaten zuen. Izan ere, Amnistaren Aldeko Mugimenduan, preso eta errefuxiatuen aldeko borrokan aritu zen eta Herri Batasuneko eta KASeko militantea ere izan zen.

Militanteari asko eskatzen zioten lan eta borrokak ziren, garai oso garratzetan, herria eta Euskal Herriaren alde”, adierazi du Iñaki anaiak. “Hemengo borrokak asko absorbitu zuen”, adierazi du amak. Egun gutxira aske utzi bazuten ere, hiru aldiz atxilotu zutela eta militarrak etxe atarira joan zitzaizkiola ere kontatu du amak, “inolako arrazoi eta eskubiderik gabe”, jakinarazi du.

“Errespetua zuen bera bezala pentsatzen ez zutenekiko, jendeak estimu handitan zuen, baita bere ideiak ez zituztenek ere. Hitz egin zitekeen Imanolekin errespetuz. Borondate handikoa zen. Bihotz zabala, jatorra. Maitagarria zen, eta ez niretzat bakarrik”, adierazi du Pepik.  

Koadrilarentzat, ‘Porru’
‘Porru’ deitura zuen koadrilan Uribek, altua eta fina zelako, “okerra ere bazen, baratzeko porruak bezala”, gogoratzen dute Edu Galardi eta Jose Carlos Carrasco koadrilako lagunek. Koadrilak berak ere deigarria du izena, 'Ritman Blusas'. Hamabost bat laguneko koadrila zabala zen, mutilez osatua. Blues musika estiloa gustuko zutelako sortu zen izenaren ideia eta gogoko zuten ‘Blues Brothers’ taldearekin egindako hitz jokoa da.

“Momentu horretan koadrilan aktiboak ginen herrigintzan, Tximua Irrati Librea dela eta ez dela, beste batzuk saskibaloian, futbolean ere bai, Okendo Zinema Taldean genbiltzanok ere bageunden... Batzuk ikastolatik ezagutzen genuen elkar, kurtso berekoak ginelako eta beti inguruan geundelako. Beste batzuk berriz, plazan ezagutzen dituzu eta bateko eta besteko, horrela sortu zen koadrila, modu natural batean”, adierazi du Edu Galardik.

Ondo oroitzen dute Galardik eta Carrascok Imanol Uribe, ia mende laurden pasa bada ere: “Berak bazeukan halako xarma bat, oso ondo eramaten zen denekin, irekia zen. Bazeukan bere mundu pertsonala, guk errespetatzen genuena, baina inguru emozionala gurekin zuen, koadrilakoekin. Interes asko zituen mutila zen, beti agenda beteta zuen horietakoa”.

Bi pasio ere bazituela oroitzen dute lagunek. Zinema eta irratia. Eta biak uztartzeko aukera izan zuen 1987ko Zinemaldian: “Gauza serioa zen Donostiako Zinemaldia. Bada, Tximua Irratitik hiru tipo joan ginen Mariano Ferrer kazetariak lortu zizkigun prentsa baimenei esker”, ekin dio anekdotak kontatzeari Jose Carlos Carrascok. “Lan asko egiten genuen, irratsaio bereziak egiten genituen, zintak grabatu, festibalera bidali artxiboan gorde zitzaten...”, jarraitu du.

Ordu asko pasatakoak dira Aralar Plazako portal bateko 10. pisuko ganbaran. Bertan baitzegoen Tximua Irratiaren estudioa. FMko 107,2 frekuentzian entzun zitekeen ‘Trikitix rock’ programa, 'Ritman Blusas' koadrilako kide batzuek egiten zuten saioa.

Okendo Zinema Taldearen sorreran ere ibili zen Imanol Uribe, eta OZTak Korrikako bi kilometro erosi zituela ere oroitzen dute bi lagunek, 87 eta 89 urteetan. “Beti erdigunetik urrun tokatzen zitzaigun, urteren batean N1 errepidetik Andoainerainoko bidea ere egin izan dugu”, oroitzen du Jose Carlos Carrasco lagunak hasperen eginez.

Kirola ere gustuko zuen Uribek, saskibaloi zalea zen eta euren Ostadarreko taldeari 'Revuelto de Txanpiñones' deitzen zietela akordatzen dira Galardi eta Carrasco: “Porru izan ezik, gainontzeko guztiak txikiak eta baxuak zirelako deitzen zioten taldeari modu horretan”. 

Errrugbia ere egin zuen Imanol Uribek Beltzak taldearen lehen urteetan, Hipodromoan entrenatzen zuten garai hartan eta lehen urratsak eman zituzten Lasarte-Orian errugbia pixkanaka errotzen joan zedin.

Familiaren kilometroa
Santos Uribe aitak jaso zuen Imanol semearen oroimenez erositako kilometroaren petoa Manuel Lekuona kultur etxean egin zen 19. Korrikaren aurkezpen ekitaldian. 

“Kilometro laua izan zedin eskatu nien AEKkoei, aldapa gora eta beherarik gabekoa”, kontatu du irribarrez Pepi Arregik. Bada, bai. Kilometro laua iza zen Santosek Maialen bilobaren alboan igandean egin zuena.

Oria Txikitik hasita, Kale Nagusira arteko bidea egin zuen Imanol Uriberen familiak lekukoa eskutan eta emozio handiko momentuak izan ziren denentzat: “Korrikarekin bat eginez gure herrian hainbeste euskahaldun bidea egiten ikustean irrifartsu legoke Imanol, eta halaxe gogoratzen dugu”, esanez amaitu du Iñaki Uribe anaiak.