Hizkuntza, elkarbizitzarako gakoetako bat

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 6a, 11:30
Irailetik urtarrilera izan dira ikasturte honetako lehenengo ikastaroak Sexuen elkarbizitzarako emakumeen zentroan. Bertan gehienak gazteleraz eman diren arren, euskara hutsean egin diren bi ikastaro izan dira lehenengo aldiz eta beste bitan sarbidea eman zaio euskarari talde tipologiari erreparatuz. Otsailetik ekainerako eskaintzan ere berdin jokatu nahi da, ikastaroetako hizkuntza-praktika herritarren hizkuntza-ezaugarrietara egokitzeko asmoz.

Udalak onartutako euskara sustatzeko planari jarraituz udalak eskaintzen dituen zerbitzuetako erabiltzaileei eman zaie hizkuntza aukeran. Maria Salsamendi da Sexuen elkarbizitzarako emakumeen zentroko arduraduna eta bere ustetan “udalaren zerbitzu bat gehiago izanda, zentroak egiten duen ikastaroetan hizkuntzen erabilera kudeatzekorakoan, herritarren hizkuntza errealitatea kontuan izan behar da eta haren araberako gestioa egin”.

Mariak aipatu bezala ikasturte honetan lehenengo aldia izan da hau indarrean jarri dutela “egun emakume zentroan dagoen langile taldea berria da eta ikastaro eskaintza desberdina egin den bezala, Udalean dagoen hizkuntza irizpidea jarraitu dugu gure eskaintza egiterakoan ere”. 

Naturaltasunez jokatu behar dela azpimarratzen du Maria Salsamendik: “Uste baino gaitasun gehiago du jendeak euskara ulertzeko. Ikastaroetan galdeketa egiterakoan egia da, jendeak ikastaro bat euskara hutsean jarraitzeko bere euskara maila nahikoa ez dela azaltzen duela. Era berean, ikastaroan bi hizkuntzak erabilita gaitasun horretaz eta horrek hizkuntzen tratamenduan ematen dituen aukerez jabetzeko ere balio duela aipatzen dute”.

Bi ikastaro euskaraz

Parte hartzaileen arabera egiten dira ikastaroak hizkuntza batean edo bestean: “Kasu honetan bi ikastaro euskara hutsean egin ziren aurreko lau hilabetekoan eta beste bitan sarbidea eman zitzaion euskarari”. 
Hala ere, badago zailtasun bat, eta hori da hain zuzen, “beti aditu elebidunak” ekarri behar direla. “Hala ere, herritarren eskaerari erantzun behar diogu zerbitzu garen neurrian eta materiala euskaraz bilatu edo sortu behar bada, egin beharreko lana dela iruditzen zait”. Hizkuntza hautatzeko aukera balio erantsi bat da Mariaren ustetan. 

Esperientzia positiboa

Pili Bermejo herritarra izan da euskara hutsean egin den ikastaro horietako batean partaide. Oso esperientzia ona izan da berarentzat eta aurrera pausoa dela esatean bat dator zentroko arduradunarekin. 

“Herritarren aldetik euskarazko eskaintza baten eskaera dago eta udalak hau bermatu egin behar duela iruditzen zait, eskaintzen dituen zerbitzu guztietan”. 

“Oso interesgarria iruditzen zait Udalak egitasmo hau garatzea eta aukera ematea; berritzailea ere bada”. 

Ikastaroaren arabera zailtasunak izan daitezke hizkuntzaren ulermenarekin. “Batzuetan hiztegiak aberatsagoa behar du izan eta ulermen maila altuago bat eskatzen da. Beste ikastaro batzuetan hizkuntza arruntagoa da eta ia denek ulertzeko modukoa. Beldurra ere badago eta erosoen sentitzen den hizkuntzetan egiten ditu ikastaroak jendeak. Hori gainditu egin behar da”.

“Bi ikastaro horietan gertatu da hartzaile guztiak euskaldunak zirela eta guretzat horrek ere egokitze bat ekarri du material aldetik”. 

Bermejoren hitzetan, “gehiengoak ikastaroa euskaraz eskatzen badu, horrela izatea bermatu dadila nahi nuke. Egin ezean, behintzat, ikastaroa hastean adieraztea zein hizkuntzatan emango den eta zergatik. Nire ikuspegitik, eskaera dagoenean behintzat, gehiengoa kontutan hartu beharko litzateke eta ikastaroa euskaraz soilik eman. Galdeketan jartzen duena kontutan hartzea espero dugu herritarrok eta galdetzen zaigunez, zerbaitetarako izango dela pentsatzen dugu”. 

Gaitasunaz hausnartzea

Maria Salsamendik azaldu duenez, ikastaro batera apuntatzeko “bi fase” daude: “Lehenengo inskripzio bat egiten da eta ondoren ikusten da zenbat leku dagoen. Lekua izanez gero, matrikula formalizatu behar da eta matrikula orria betetzeko garaian, bertan galdetzen zaio herritarrari ea ikastaro hori euskaraz jarraitzeko gai den”. 

“Taldeak osatzeko orduan, nahi dugu erabiltzaileek gogoeta egitea, euren hizkuntza gaitasunaz eta eta horrek hizkuntzak kudeatzerakoan ematen dituen aukerez. Orria betetzerako orduan egin daitekeen ariketa on bat dela iruditzen zait.”.

Biek herritarrak animatzen dituzte pausua eman eta euskararen aldeko hautua egitera, udalak eskaintzen dituen ikastaroetan eta tailerretan.

Udalak martxan duen euskara sustatzeko programaren metodologia 

Udalak eskaintzen dituen ikastaroak euskalduntzeko programaren garapenean egun indarra hartzen ari den metodologia Lasarte-Oriako udalean baita Buruntzaldekoetan ere, honakoa da. 

Ikastaro batzuetan aldez aurretik ezartzen da hizkuntza irizpidea eta horiek euskaraz eskaintzen dira hasieratik. Gainerakoetan, ikasleei galdetu ondoren definitzen da. Metodologia horri erreparatuta, hiru talde egin dira: 

- A taldea. Partaide guztiek edo ia guztiek ulertzen dute euskara. Ondorioz, ikastaroa euskaraz edo nagusiki euskaraz emango da. 

- B taldea. Partaideen erdiak baino gehiagok ulertzen du euskara. Beraz, ikastaroa ia erabat euskaraz emango da. Euskara ulertzeko zailtasuna duenari azalpenak gaztelaniaz emango zaizkio. 

- C taldea. Partaideen erdiak baino gutxiagok ulertzen du euskara. Gauzak horrela, ikastaroa nagusiki gaztelaniaz emango bada ere, euskarari sarbidea emango zaio agurrean, animozko hitzetan, etab. 

A, B edo C talde modura identifikatu ondoren, horren araberako hizkuntza tratamendua jarraituko da ikastaro edo tailerrean.