Hiru aste ahaztezin Wukron

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015ko abe. 23a, 10:30
“Txiki-txikitatik” eduki du Izaskun San Aniceto herritarrak Afrikara joan, bertako egoera ezagutu eta ahal denean laguntzeko grina. Etiopiako Wukro hirira joateko aukeraren berri izan zuenean, ez zuen bi aldiz pentsatu. Hiru aste igaro zituen bertan, aurtengo udan; uztailaren 7tik 28ra egon zen han, Angel Olaran hernaniarrak duela 20 urte hasitako misio lanaren nondik-norakoak ezagutzen eta parte hartzen. Esperientzia “%100ean gomendagarria” dela dio; Txintxarri aldizkariko irakurleekin partekatu du orriotan.

Añorgako futbol taldean aritzen da urtean zehar Izaskun San Aniceto herritarra. Iazko denboraldiko entrenamendu batean, Etiopiari buruz hizketan entzun zituen bi taldekide, Kattalin eta Olatz. Aurtengo udaran Wukro hirira joateko zuten asmoaz ari ziren. Izaskunek “txiki-txikitatik” eduki du Afrikara joan, bertako egoera gertutik ezagutu eta ahal denean laguntzeko grina eta, horregatik, ez zuen bitan pentsatu eta abentura horretan murgiltzea erabaki zuen.

Hiru aste igaro zituen bertan Izaskunek, 21 egun denera, uztailaren 7tik 28ra arte. Angel Olaran misiolari hernaniarrak duela 20 urtetik abiatutako egitasmoak ezagutu eta horietan parte hartu zuen herritarrak.

Lehen eskuko informazioa jaso zuen Izaskunek Wukrora abiatu aurretik. Kattalin taldekidearen osaba da Olaran, eta hark lagundu zien bidaiaren tramiteak egiten, hark azaldu zien misiolari baten bizitza nolakoa zen bertan... “Aurretik ideia bat egiteko primeran etorri zitzaigun Angelekin harremanetan jartzea”, gogoratzen du Izaskunek.

Dena den, ez zituen ordu gehiegi igaro Interneten arakatzen eta Wukrori buruzko datuak biltzen: “Nolabait esatearren, nahiago nuen bertara itsu joan, aurretik egindako ideia eta irudipenik gabe. Beti irudikatzen duzu bertan aurkitu dezakezuna, baina ariketa hori Mendebaldeko hedabideek proiektatzen duten iruditik abiatuta egiten dugu sarri. Espero nuenak eta han topatu nuenak ez dute zerikusirik izan, inondik ere; harrigarria izan da esperientzia”. 

Lehen gaueko bisita

Iritsi eta berehala, lehenengo gauean bizitu zuen Izaskunek egonaldia horren harrigarri bilakatu zuten egoeretako bat.

Olaranek herriko familia bat bisitatzen du gauero. Hori gertutik ezagutu zezaten, ailegatu berriak etxe horietako batera eraman zituen, Izaskun barne. “Hamar metro koadroko etxetxo batean ama eta lau seme-alaba bizi ziren. Erabat txundituta geratu nintzen egin ziguten harrerarekin”, oroitzen du. ”Banan bana aurkeztu zituzten euren buruak; umeek bina muxu eta eskua eman ziguten eta, gero, gurekin hitz egiten zuten. Berdin bukatzen zuten denek: 'Nire etxea maite dut, ongi etorri bertara, maite zaitut'. Ikasita dute nola jokatu bisitan etortzen direnen aurrean”. 

Bisita horretan abestu ere egin zuten, hango kantuak eta baita euskaldunak ere, Angelek urteotan erakutsitakoak, 'Xuabe-xuabe' eta Pintto-Pintto', esaterako. ”Angelek familiekin duen harreman berezi eta gertukoak eta etxe horretan egin ziguten harrera sutsu horrek benetan harritu ninduen”, dio Izaskunek.

Eguneroko jarduna

Bisitak gauetan egiten zituzten. Eguzkia ezkutatu aurretik berriz, beste hamaika gauza. 

Angel eta taldearekin batera misio lanetan aritzen zirenak St Mary's College izeneko zentroan bizi ziren. ”Goizean goiz” jaiki eta zazpi t'erdietan gosaltzen zuten, denek elkarrekin. Horren ostean, baratzeetara joaten ziren lanera; bi orduz aritzen ziren bertan gutxi gorabehera, belar txarrak kentzen eta soroak ureztatzen batez ere. 

Horren ostean, 11:00ak aldera, eskola-saioak egiten zituzten Wukroko haurrekin. Oinarrizko ingelesa irakasten zieten, jokoen bitartez nagusiki: ”Metodo hori zen eraginkorrena, bertako haurrek ez dituzte barneratuta hemengo ikasketa metodoak. Egiari zor, gure ingeles maila ez zen oso altua, baina haiei irakasteko adinakoa bai”.

Goizean zehar lan eta lan aritu ostean, indarrak hartzen zituzten, bazkari-legea eginez. 12:30ean elkartzen ziren mahaiaren bueltan: ”Otorduak egin aurretik otoi egiten genuen, ez erlijio edo jainko zehatz bati; eskerrak ematen genituen Wukron geneukan guztiagatik”. Afarian ere errepikatzen zuten errezua, arratsaldeko zazpiak aldera.

Hori baino lehen, bostetatik zazpietara bitartean, haurrak eskolara bueltatzen ziren berriro. Patioan jolasean aritzen ziren denak. Futbolean jokatzen zuten, besteak beste: ”Atzerritik gentozenek bertako biztanleen aurka jokatzen genuen normalean. Sekulako lehia genuen elkarren artean, indartsu sartzen zuten hanka! Hori bai, ez ginen inoiz ere haserretzen. Jenio handikoak dira haurrak; elkarrekin haserretzen direnean sutu egiten dira 15-20 segundoz, baina segituan pasatzen zaie eta lagunak dira berriro”. 

Wukrotarren izaera eta kanpotarrekiko jarrera

”Pozik daudenean azaleratu egiten dute, haserre daudenean ere bai; egia daramate beti aurretik eta oso argi hitz egiten dute, barruan ez dute ezer gorde eta ezkutatzen”. Modu horretan deskribatzen du Izaskunek Wukroko biztanleen izaera. ”Mendebaldean bizi garenok asko dugu ikasteko haiengandik; inteligentzia emozionala askoz ere garatuagoa dute haiek, euren arteko erlazioak askoz ere irekiago eta garbiagoak direla iruditzen zait”. 

Endekapenezko gaixotasun kronikoak zituzten bi wukrotarren adibidea ekartzen du gogora herritarrak: ”Etxetik ezin zuten mugitu baina eguneko hogeitalau ordutako bakar batean ere ez zeuden bakarrik. Bete-beteta zegoen beti euren etxea, pertsonak sartu eta irten egiten ziren etengabe handik. Elkarrekin egon nahi zutelako biltzen dira han; gure gizartean interes pertsonalak presenteago daudela esango nuke. Mentalitatea desberdina da oso”. 

Wukrotarrek hitz espezifiko bat erabiltzen dute kanpotarrei buruz aritzean: 'Farenji' (tigriña hizkuntzan, 'atzerritarra'). ”Iritsi ginen egunean, kalera irtetean, arretaz begiratzen gintuzten bertako biztanleek: berria zara han, kolore desberdineko azala daukazu... Inpresio pixka bat eman zigun, egia esan. Berehala gerturatzen dira umeak zuregana, 'farenji, farenji!' oihukatuz. Izena galdetzen dizute, besarkatzen zaituzte, gainera igotzen dira... Helduak apur bat mesfidatiagoak dira hasieran, baina euren etxeetara joaten zarenean abegiz hartzen zaituzte”, azpimarratzen du Izaskunek. 

”Pertsona zuriak Angelekin lotzen dituzte segituan; errespetu eta estimu handiz jokatzen zuten gurekin, jainko bat bezalakoa da Angel beraientzat, urteotan egin duen guztiagatik”, aipatzen du. 

'Abba Malaku'

Angel Olaran hernaniarrak 76 urte ditu eta jada 40 daramatza Afrikan, misio lanetan. 20 igaro zituen Tantzanian; beste hainbeste daramatza Wukron.

”Kalkulaezina da Angelek eta enparauek bertan egindako lana. Errespetu ikaragarria dut harekiko, sekulakoa izan da niretzat horrelako pertsona bat ezagutzea”, onartzen du Izaskunek. ”40 urte daramatza ematen, behin eta berriro, trukean ezer ez jasotzeko asmorik gabe. Miresgarria da”. 

'Abba Malaku' izenez ezagutzen dute Olaran Wukron. 'Malaku' hitzak 'nire aingerua' esan nahi du. Izenari ohore egiten dio misiolariak, Izaskunek dioenez: ”Nekaezina dela dirudi, denetik egiten du: goizetan meza ematen du, nekazaritzan aritzen da, haurrekin jolasten du, familiak bisitatzen ditu gauetan, martxan dituen proiektuetan lan egiten du buru-belarri...”. 

Haurrekiko duen harremana nabarmentzen du: ”Gertukoa da oso haurrekin, baina horiek errespetu handia diote aldi berean. Erreferente bat da haientzat, hango haur gehienek ez baitaukate aitarik; rol hori betetzen du Angelek”, dio Izaskunek.

”Angel etorri zenetik asko aldatu da Wukro. Hainbat egitasmo jarri ditu martxan: baratzea, eskola, ura kudeatzekoa, errepideen eraikuntza. Lanbidea eman die herritar askori, haurren irakasle ere bada... Ikaragarria da”, nabarmentzen du.

Wukroko egoera nabarmen hobetu den arren, horrek ez du esan nahi bertako arazo denak amaitu direnik, herritarrak aipatzen duenez: ”Angelek behin eta berriro esaten zigun moduan, burutu diren bezainbeste gauza geratzen dira oraindik egiteke”. 

Arazo nagusiak

HIESa, tuberkulosia, lehorteak eta gosea izendatu ditu herritarrak Wukro astintzen dituzten arazoez galdetzean.

”Hirian egindako misio lanak direla-eta, gosez ez da jenderik hiltzen Wukron. Jateko adina badute, ez soberan, baina bizitzeko adina bai. HIESaren heriotza-tasa ere asko jaitsi da, preserbatiboak doan ematen dira biztanleen artean; horrek lagundu du. Hori bai, laguntza oso beharrezkoa da han oraidik; hobetzeko gauza asko daude”, ohartarazten du herritarrak.

Adibidez, lehorteek eragiten dituzten arazoak. Uztailean egon zen Izaskun bertan eta, haren harridurarako, euri dezente egin zuen tarte horretan. ”Uztaila eta abuztua hilabete euritsuak dira Wukron; orduan jausitako ur-kopuruarekin egin behar diote aurre urte osoari ia”.

Urteak daramatza Angel Olaranek bertan. Hark egindako aurreikuspenen arabera, tarte horretan egindako euria ”ez zen nahikoa”, Izaskunek berak dioenez: "Gure ustetan ur dezente jausten zen zerutik baina Angel ez zegoen pozik, zioen apenas sortzen zela putzurik lurrean, eta arazoak edukiko zituztela hurrengo hilabeteetan”. 

Abba Malakuren aurreikuspena bete egin zen; Etiopia iparraldeko Tigray izeneko eskualdetik hilabeteotan etorri diren albisteen arabera, arazo asko eragin ditu lehorteak hiri horretan. Biztanleen %90a nekazaritzatik bizi dela kontutan hartuta, zer esanik ez. Argi asko definitzen du herritarrak lehorte-egoerak dakarrena: ”Ur eskasiak gosea esan nahi du Wukron”. 

Izaskunek azaldutakoaren arabera, gosearen arazoa handitzen zihoan hiritik aldendu eta inguruko herrietara joan ahala: ”Tarteka Wukrotik kanpoko txangoak antolatzen genituen, alboko herrietara; gose-zantzuak agerikoagoak ziren, sabela puztuta zeukaten ume askok esaterako. Hori bai, apenas jatekorik ez bazuten ere, zeukatena albokoekin partekatzen zuten”. 

Bidaiatxo horietako batean gertatutakoarekin ilustratu du ideia hori: ”Txangoei ekin aurretik, fruta eta beste zenbait jaki erosten genituen, bidean jateko. Bidaiatzen ari ginen bitartean ordea, topatzen genituen haurrekin partekatzen genituen. Gogoan dut platano bat eman geniola haur talde bati; hartu zuenak, gose asko eduki arren, gainontzekoekin banatu zuen; denek jan zuten zatitxo bat”.

Mendebaldeko herrialdeetako mentalitatea ez da berdina herritarraren iritziz. ”Gure zilborrari begiratzen diogu gehienetan, daukaguna partekatu eta ondoan daukaguna apur bat zoriontsuago egin ordez. Gauza asko ez dauzkate Wukrokoek, baina irribarrea ez dute sekula galtzen”. 

Aurrez aipatutako bidaiatxo horietan, 6-7 urteko umeak ikusten zituzten askotan abeltzain lanak egiten. ”Bakoitzak hiru abere gobernatzen zituen gutxienez: idiak, ardiak, etab. Hemen pentsaezina litzateke horrelakorik egitea”.

Kultura berri bat

Orain arte aipatutakoez gain, beste hainbat gauza 'pentsaezin' topatu zituen Izaskunek Wukron, bertara iritsi aurretik imajinatuko ez zituenak.

Esaterako, justizia egiteko duten modua. Hirian gertatutako istripu bat erabiltzen du adibide gisara. ”Kamioi batek eta auto batek istripua izan zuten, eta kotxeko gidaria hil egin zen. Horrelako kasuetan modu honetara jokatzen dute: Kamioilaria espetxera eraman zuten, hura izan zelako istripuaren erruduna. Ondoren bi gidarien familiak elkartu egiten dira eta haien artean erabakitzen dute justizia nola egin. Hildakoak familia baldin badu eta errudunak ez, azken hau egiten da zendutakoaren emazte eta seme-alaben kargu espetxetik irtetean”. 

Herritarrak esaten duenez, ”bi astetan” gauzatzen dute prozesu hori guztia: ”Ondoren, ez dago bi aldeen arteko ezinikusi edo gorrotorik. Astebete irauten du doluak, barnean daramaten min guztia orduan kanporatzen dute, eta bizitzak aurrera jarraitzen du horren ostean”. 

Politikari dagokionean, ez dago hemengoen tankerako alderdi politikorik, herritarren ordezkaritza bat baizik. 110 pertsona inguruk osatzen dute talde hori. ”Herritarrek aukeratzen dituzte ordezkariak; irizpide gisara errespetua erabiltzen dute, haiek gehien errespetatzen dituzten pertsonak proposatzen dituzte”.

Ortodoxoa, musulmana eta katolikoa. Erlijio horiek dira Wukron jarraitzaile gehien dituztenak, lehenak bereziki. “Funtsezkoa da haientzat erlijioa, baina liskarrik ez dute beraien artean, errespetu handia dute alor horrekiko ere”. 

Egutegia eta orduak neurtzeko sistema ere desberdinak dira, Izaskunek esplikatzen duenez: “Hamahiru hilabete dituzte haiek denera. Orduen sistemara egokitzea kosta egin zitzaigun. Eguzkia ateratzen den momentutik hasten da martxan erlojua; '0 ordua' da hori haientzat, gurean goizeko seiak direnean gutxi gorabehera“.

Herritarrak espero ez zuen beste gauza bat honakoa izan zen: Wukroren erliebe menditsua. “Egia esan behar badut, lautada lehorrak espero nituen nik eta mendiak topatu nituen han. Itsas-mailaren gainetik ia 2.000 metrora kokatuta dago Wukro; lanak izan genituen altitude horretara egokitzen, ariketa fisiko apur bat egitearekin asko nekatzen ginen: baratzearen alde batetik bestera joaten, umeekin futbolean jokatzen...”. 

Tigray estatuaren ekialdean dago kokatua Wukro. Denera 80 hizkuntza desberdin hitz egiten dira estatuan. Hirian, zehazki, tigriña izenekoa mintzatzen dute bertakoek. “Oso zaila egiten zitzaigun hizkuntza hori ikastea. Haurrek irakatsi ziguten zerotik hamarrera artean zenbatzen eta oinarrizko hitz batzuk ere bai, 'agur' eta 'zer moduz zaude' bezalakoak. Komeriak genituen hitz horiek esateko; barre egiten ziguten haurrek, asko eskertzen zuten egindako ahalegina“. Euskal Herritik joandako bidaiariak ere saiatu ziren wukrotarrei euskaraz irakasten, baina haientzat ere ez zen erraza izaten, Izaskunek zehazten duenez. 

Zaila izanagatik, pertsonaren batek Wukron tigriña ikasiko balu, apunte eta abarren aurrean ez litzateke lokartuko, kafea Etiopiako gastronomiako oinarrietako bat baita. Hutsa hartzen dute edari hori, esnerik gabe. Bisitariak datozenean edo etxekoak elkartzean, erritual berezi bat egin eta hiruna kafe edaten ditu bakoitzak. Plater tipikoena 'wot' izenekoa da. Haragi edo barazki erregosia zerbitzatzen dute 'injera' izeneko ogiaren gainean; eskuekin jaten dute nahasketa, pixkanaka. “Dastatu genuen ogi hori; nutritiboki oso ona izan arren, baina ez zitzaidan gehiegi gustatu egia esan, saltsa min batekin hornitzen zuten. Negar malkoak irten zitzaizkidan koilarakada soil batekin!“, oroitzen du Izaskunek, irribarretsu.

St Mary's College zentroko dieta arrozak, pastak eta entsaladak osatzen zuten, Izaskunek azaldu lez. “Jateko dena oso goxoa zegoen, sukaldariak artista hutsak ziren. Haragirik ez genuen jaten apenas, abereak lanerako dituzte han, ez jateko. Eguneroko jardunerako zaharregiak zirenean hil eta jaten dituzte animaliak“.

Mendebaldeko gizarteekin alor askotan ez du zerikusirik Wukroko kulturak, baina zenbait ohitura ari dira hartzen, eta ez bereziki onenak, Izaskunen hitzetan. “Biztanleen %70ak dauka han sakeleko telefono bat. Atsekabetu egin ninduen horrek apur bat, iruditzen baitzait gure gizarteak daukan ezaugarririk txarrenetako bat dela; mugikorrari so pasatzen dugu denbora asko. Wi-Fi konexioa ere doakoa da tabernetan, eskumuturreko erloju handiak dituzte zenbaitek, arropa eleganteak ere bai... Beste zenbait behar oinarrizkoagoak dira“. 

Esperientzia gomendagarria

Izaskunen esanetan, esperientzia “%100ean gomendagarria” da: “Kultura desberdin bat ezagutu dut, begiak ireki ere bai, gertutik ezagutu dut nolakoa den egoera Afrikako zona jakin batean. Batez ere, ikusi dut guk baino laguntza dezente gehiago behar duen jendea dagoela munduan”.

Ingurukoekin partekatzen ari da uztailean zehar bizitako esperientzia eta bat baino gehiagori asko interesatu zaiola dio herritarrak. Adibidez, amari.

“Dena den, ez da beharrezkoa Wukrora bertara joatea laguntza emateko, azken finean edonork ezin baitiezaieke bidaiaren gastuei aurre egin gaur egun. Laguntzea da kontua, bakoitzak ahal duen neurrian. Krisi ekonomikoaren eraginez erakundeen diru laguntzak murriztu egin dira, beste diru-iturri batzuk ditu orain Angelen egitasmoak. Esperientzia gertutik bizitu duen jendea, Euskal Herrian antolatzen diren ekimen desberdinak... Pertsona batek beharbada 10 euroko laguntza baino gehiago ezin dezake eman, baina Angelek eta enparauek berdin-berdin estimatuko dute, laguntzea baita kontua“, azpimarratzen du Izaskunek. 

Azken egunean, Lasarte-Oriara itzuli aurretik, hara eramandako arropa asko eta zapatila pare ia denak utzi zituen Izaskunek Wukron. “Pentsatzen hasi eta konturatu nintzen nik sei hilabetetan hondatu nitzakeen oinetakoekin bost urterako badutela haiek“, gogoratzen du.

“Arestian esan bezala, laguntzea da kontua, garrantzitsua ez da kantitatea; inor ez da irribarre bat ez oparitzeko bezain txiroa“ esanez amaitu du elkarrizketa Izaskunek, irribarretsu.