Euskararen Maratoian otorduak plazan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 14a, 14:00
Aurreko Maratoian bezala, 40 orduetako otordu guztiak plazan egin ahal izango dituzte herritarrek Zortzikoteko kideekin batera. Hauek prestatzeaz arduratuko dira hainbat herritar, horietako batzuk elkarte gastronomikoetako ordezkariak. Bestalde, igandean aurreko edizioan izandako arrakasta medio, babarrun lehiaketa irekia egingo da plazan bertan. Eguerdian babarrun jana ederra egingo da eta bertan herritarrek ere izango dute aukera lehiara aurkeztutako babarrunak dastatzeko.

9. Maratoi honetan ere plazan lau otorduak egiteko aukera izango da. Baina honen atzean lan handia dago eta otorduen lantaldeaz gain, Lasarte-Oriako elkarteek ere parte hartuko dute hauek egiten.

Ehun pertsona baino gehiagorako jatorduak izango dira Okendo plazan eskainiko diren guztiak. Lantaldeko kideek azaldu dutenez, herriko elkarte gastronomiko guztiek parte hartu dute era batean edo bestean Euskararen 9. Maratoian.

Lehenengo txanda, larunbata goizeko txokolatada izango da. Hau Intza elkartearen esku egongo da 9:45ean.

Eguerdian berriz, paella jana “herriko kuadrilla batek egingo du Buruntz Azpi elkartearen laguntzarekin”. Haurren bazkaria egingo da larunbatean ere eta hauek paella jango dute. 120 umerentzako lekua izango da eta hauen menuak 3 euroko kostua izango du. 

Hauek amaitzerakoan, hasiko da helduen bazkaria. 180 lagunentzat lekua izango da eta menua 8 eurotan jarri da.  

Gauean, Sorgin Afariaren txanda izango da, kalabaza krema eta karrillerak izango dira plater nagusiak. Menuak kasu honetan 20 euroko kostua izango du postrea, kafea eta kopa barne hartuta. Honetan 400 lagunentzako lekua izango dela aurreikusi du antolakuntzak. 

Afaria egiteaz arduratuko dira Arrieskalletako ordezkariak. 

Honetaz gain, gaupasa egiten dutenek Xirimiri elkarteko sukaldariek egindako salda dastatu ahalko dute igande goizean 8:05ean.

Igande eguerdian babarrun jana izango da eta Semblante Andaluzeko kideek prestatuko dute. 

Era berean, babarrun txapelketan prestatutako babarrunak jateko aukera izango da. Babarrunak bere sakramentu guztiekin emango dira baita postrea eta kafearekin. Menua 8 eurokoa izango da eta 220 leku egongo dira.

Afarian berriz, Eusko Labeleko txekorra dastatuko da. Kasu honetan ez da elkarterik izango prestakuntzan. Etxezarreta Harategia eta Eusko Label-eko jendearen esku egongo da txekorra erretzea aurreko Maratoian egin bezala. 

Txekorrarekin batera entsaladak ere jarriko dira, hauek Lasartearrako kideek egingo dituzte. Beti ere postrea eta kafearekin bukatuta. 270 txartel jarriko dira salgai 10 eurotan.

Parte hartzea

Lantaldeko kideek jakitera eman dutenez, otordu batzuk zerbitzatuak izango dira baina beste batzuk 'self-service' bezala antolatuko dira. 

Hala ere, oraindik beharrezkoak dira zerbitzari lanetan arituko diren herritarrak baita mahaiak jarri eta kenduko dituztenak ere. Lagundu nahi dutenek euskararenmaratoia.eus orrialdean izen-eman behar dute ostirala, urriak 21 baino lehen.

Txartelak eta txosna

Bestalde, otorduetako txartelak dagoeneko salgai jarri dira Jalgi Kafe-Antzokian eta Ttakun elkartean.

Aipatu behar da Okendo plazan ere aurrekoan bezala, txosna jarriko dela eta jatorduetako orduetatik kanpo gose denak ere mokadu bat jateko aukera izango duela bertan.