Euskaldunak eta Karolingiarrak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 10a, 14:54
Iñaki Lopez de Luzuriagak 'Euskaldunak eta Karolingiar iraultza' liburua idatzi du. Herrian bizi den itzultzaile honek euskal eta europar identitatearen sorreraren inguruan azterketa egin du goi Erdi Aroan, XVIII. mendeko historiografia ikertuz. Liburuan jaso eta ondorioztatutakoaz hitz egingo du datorren ostegunean Manuel Lekuonan. Hitzaldia 19:30ean hasiko da eta herritarrak horretara gonbidatzen ditu.

Euskaldunak eta Karolingiar iraultza’ hitzaldia eskainiko du Iñaki Lopez de Luzuriagak datorren ostegunean, urriak 13, Manuel Lekuonan 19:30ean. Izen bera daraman liburuan jasotakoaz mintzatuko da idazlea. 

Hiru urtez gaia aztertu ondoren idatzi du Iñaki Lopez de Luzuriagak ‘Euskaldunak eta Karolingiar iraultza’ lana. Ekainean aurkeztu zuen Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzaz argitaratutako liburua. Berak azaldu moduan, atzerrian bizitzen ari zela, Wikipedian sortutako eztabaida baten harira goi Erdi Aroko dokumentu batzuk topatu zituen ingelesez eta blog batean hasi zen gaiari buruz idazten, basquemedieval.blogspot.com izenekoan.  Iruditu zitzaion esparru horretan hutsune bat zegoela eta historiografia aztertzen jarri zen. 

Iñakik berez hizkuntzaren arloan egin du beti lan baina azkenaldian historiara gerturatu da gehiago, eta, bereziki, historiaren kontaketa ikertzeari.

Euskal eta europar identitatea sortu ziren garaia du aztergai liburuak. Horrela izanda, europar identitatearekin lotura zuzena izango lukete karolingiarrek VIII. mendean. Eurek salbatu zuten Erromako apezpikua eta aldi berean, Erromako elizak inperioaren ordezkari bihurtu zituen karolingiarrak. Karlomagno eta bere leinua izan ziren Europa mendebaldearen zati handi bat saretu zutenak, egitura bat sortuz. 

Frankoen hedapena

Mendebaldeko Erromatar Inperioa desagertzearekin batera, Frankoen Erresuma eratu zen egungo Paris aldean: garaipen militarra eskuratu bai, baina barbaro izaten jarraitu zuten, ez ziren erromatarrak, eta gobernatzeko zilegitasun osoa eskuratu omen zuten. Hala ere, kristau bihurtuta erromatar estatusa lortu zuten pixka bat. Karolingiar dinastiak, berriz, botere militarraz gain, erromatartasuna landu zuen, Erromako mitologiarekin bat zetozen narrazioak sortu, eta Eliza hartu zuten horretarako bidelagun. Franko karolingiarren errege nabarmenena Karlomagno izan zen. Boterea 768an hartuta, konkista-kanpainari ekin zion. Gehienentzat ezaguna den Orreagako guduan 778. urtean frankoak galtzaile atera ziren arren, lurralde itzela geratu zen bere esku. 

Lurralde zabal horretan justizia sistema berria, eliza erreforma eta kultura latinoa bultzatu zituzten. Ordu arte indarrean zegoen Baskonia-Akitaniaren dinamika aldatu egin zuen. 

Egungo botere egituren sorrera garai horietan kokatzen du Lopez de Luzuriagak: “Benedikto Anianekoak monasterio-sare oso indartsu bat sortu zuen Europaren zati handi batean. Karolingiarren kanpaina militarretan monasterioak sortzen zituzten eta hauei lotuta gobernatzeko modu bat eratu zen. Benedikto Anianekoaren ordenak narrazio berria lantzen erabakigarria izan zen, karolingiar dinastiaren aintzarako”. 

Euskal Herria landu da Pirinio eta Garonako herri horien ondorengo bezala. Idazlearentzat garai hartan euskal kontzientzia bat sortu zen, “identitate bat akitaniar independentzia politikoari lotuta”. Euskaldunak erromatar tradizioan sentitzen ziren Karlomagno iritsi arte. Orduan borroka gogorrak gertatu ziren Ebro inguruan eta karolingiarrek tropak behar zituzten, eta hainbat herrik ezezkoa eman zioten. Enekoren altxamendua gertatu zen 814. urtean tropak bidaltzeari uko egiteagatik edota lurren gaineko jurisdikzioengatik. Arabiar iritsi berriekiko borroken testuinguru horretan sortu zen europar identitatea eta 754. urtean aipatzen dira lehenengoz ‘europarrak’.

Euskal identitatea

Ordura arte baskoi tribuen artean loturak estutu eta gizarte egitura horizontal bat zuten, ez zegoen ordea narrazio bakar bat baskoi guztientzat. Karlos Martel eta karolingiar leinua iritsi zenean gauza asko aldatu zen. Hauek egitura bertikal batzuk ezarri zituzten baskoi herrientzat arrotzak zirenak. Bi botere sortu ziren nolabait, arrotzak eta ohiturazkoa, herriko legeak, ordura arte izandakoak.

Euskal Herriaren identitatean aldaketa gertatu zen orduan. “Galdu egin zen batasuna eta zatikatu ziren konderriak eta halakoak sortuz. Ordura arte herri gisa zuen izena, Baskoien dukerria, kategoria etnikoa zena, aldatu egin zen. Horren ondorioak oraingo egoeran islatzen dela uste du idazleak: “Labur esanda, elizak sartu zituen Baskonian atzerriko egiturak”. 

Ez du erlijioen arteko borrokaz hitz egiten, bi botereren arteko borrokaz haratago joan nahi izan du Lopez de Luzuriagak. Historiografiari buruzko narrazio bat da, gertaera eta narrazioaren arteko bereizketa egiten saiatu da: “Kontuan izan behar da historia garaileek idazten dutela”. 

Hitzaldian idazleak historiako pasarte hauen inguruan azalpenak emango ditu eta bertaratutakoek aukera izango dute galderak egin edota zalantzak plazaratzeko. Solasaldiari tartea zabalduz. Liburuan interesa dutenek Elkar liburu dendetan edota UEUren webgunean eskura dezakete.