Ibilbide luzea egin dute futbol zelaietan zehar Gutierrez anaiek, Xabik eta Roberrek. Erasoko jokalariak biak ala biak, urte mordoa igaro dituzte etxetik kanpo, Espainiako bigarren ‘B’ mailan, hirugarrengoan, Italiako beheko kategorietan edota Laosen. Aurten, 33 eta 35 urterekin, herriko taldean elkartu dira berriro ere. Ohorezko erregional mailako Ostadarren, alegia. Haiekin elkartu gara orain arteko bidearen nondik norakoei buruz hitz egiteko eta aurtengo erronkak ezagutzeko.

Edozein herritako plazetan baloiari ostikoka dabiltza egunotan haurrak, Eguberrietako oporrak baliatuz. Batzuek edukiko dute profesionaletara ailegatzeko desioa, nahiz eta jakin gutxi batzuek besterik ez duten aukera. Reala eta izarren ligetara salto egitearekin amets egiten duten arren, ez da futbolarekin bizi ahal izateko existitzen den modu bakarra.

Gutierrez anaiek bide horri eutsi dute, eta futbol profesionalean ibilbide luzea egitea lortu dute, foko diztiratsuetatik kanpo.

Leku batetik bestera

Antzeko hasi zuten ibilbidea biek. Xabik Añorgan jokatu zuen jubenil maila bitartean, Ohorezko kategorian lehiatzen zen garaian. Eibarko bigarren taldera egin zuen jauzia, eta lau urte igaro ondoren aldaketa beharrean ikusi zen. “Lehen taldetik ez ninduten deitzen eta nire ordezkariarekin hitz egin nuen. Hark bilatu zidan lekua Huescan”. Roberrek, aldiz, Añorgatik eta Ostadarretik igaro ostean, Soriarako bidea hartu zuen, hirugarren mailako Norma San Leonardo taldera.

Behin etxetik aterata, alde batetik bestera ibili dira, motxila guztiz desegin gabe.

Norman hasi zen Rober maila profesionalean 21 urterekin. Zazpi urte eman zituen hirugarren mailako talde ezberdinetan. Menorkako Alaior taldean ibili zen ondoren, anaia Xabirekin batera denboraldi batez. 2006an ‘etxera’ bueltatu zen UPV/EHUn eta Azpeitiko Lagun Onak taldean aritzera. Murtziako Pinatarren, Palentziako Aguilarren eta Cacereseko Montehermoson aritu zen ondoren. Azken honetan sartu ditu gol gehien, baina ezin izan zuen jaitsiera ekidin.

Italiako ligara joan zen 2010-2011 denboraldia jokatzeko, Lucera Calcio taldera. Aspaldiko partidu kopuru gehiena jokatu zituen han, 30. Amaitzean, lehenengo saiakerak egin zituen Asian, Vietnamen lehenik, Sai Gon Xuanthan taldean, eta Tailandian ondoren, Bangkok Glass-en. 

Espainiako Futbolarien Elkarteak talderik gabeko jokalarientzat antolatu zuen taldean aritu zen. Besteak beste, Moskuko CSKAren aurka eta Alemaniako bigarren mailako Eintracht Braunschweig taldeen aurka aritu zen. Aukera horren ondotik etorri zen erronkarik gogorrena. Noja taldearekin bigarren ‘b’ mailan aritu zen urtebetez. Bukatzean, Hernanira egin zuen buelta.

2014ean atera zitzaion Laos urrunera joateko aukera, eta Lanexang Intra taldeko kide izan zen urtebetez.

Xabik, bere aldetik, Huesca utzi eta Alaior taldean aritu zen bi urtetan, horietako bat, esan bezala, anaiarekin. Menorkako irla utzi gabe, Ciutdadella-n igaro zuen beste denboraldi bat. Balear irletako abentura amaitu zuen  2006/2007 denboraldian Ibizako Santa Eulalian. Hirugarren mailan aritutako lau denboraldi horietako bakoitzean 10 gol baino gehiago sartu zituen aurrelariak.

Arandinan izan zen bi urtez, ondoren. Bigarrenean taldeko kapitain izatera iritsi zen, 18 gol sartuta. Bigarren B mailarako igoera gertu izan zuten, baina ezin izan zuten lortu. Hurrengo urtean, Xabi maila horretako Jumilla taldeak sinatu zuen. Urtebete egin ostean, Gipuzkoara bueltatu zen. Zarautzetik, Hernanitik eta Tolosatik pasa zen Ostadarrera bueltatu aurretik.

Teknika handiko jokalariak

“Rober jokalari dotorea da, oso lasaia eta kalitate handikoa”. Bere anaiaren hitzak dira. Batez ere, baloia eta jokoa zuzentzeko abilezia nabarmentzen ditu.

Xabi, aldiz, “goleatzaile petoa” dela aitortzen du Roberrek, nahiz eta gaur egun gaztetan baino atzerago jokatzen duen gehienetan. Punta erdi lanetan, “jokoa erraz ikusi ohi du eta, orokorrean, denetarik egin dezake".

Arerio gogorrenak

Aurkariak ere mota guztietakoak izan dituzte. Xabiren ustez, Espainiako bigarren ‘b’ mailako laugarren multzoa da hark jokatu duen zailena. Cadiz, Murtzia, Jaen, Poli Ejido edota Sevillaren eta Betisen harrobiak izan zituen aurrez aurre, hark Murtziako Jumilla CF-n aritzen zenean. 
Espainiako Futbolarien Elkarteak talderik gabeko profesionalentzat antolatzen dituen jardunaldi batzuetan topatu zuen sekulako maila Roberrek. “Ia errebotez bukatu nuen han. Lehenengo mailan aritutako jendea zen bertan, eta zenbait lagunarteko jokatu genituen. Besteak beste, Moskuko CSKAren aurka”.

Egonkortasun bila

Euskal futbolariak Asiako ligetan aritzea pentsaezina zen duela hogei urte. Gaur egun, berriz, Europar askok jotzen dute hara. Roberrek Laosen aurkitu zuen lekua, Lanexang Intra taldean. “2008 eta 2009 urteetan Espainiako bigarren ‘b’ mailako eta hirugarren mailako soldatak mailako soldatak nabarmen jaitsi ziren, eta horregatik askok hautatu genuen bide hori” azaldu du lasarteoriatarrak.

Jokalari beteranoen hautua izan ohi da. Xabiren ustez, “Europako goi mailetara iristeko ametsa baztertzen dute egonkortasuna aurkitze bidean”. Izan ere, maila antzekoan edo baxuagoan jokatuz diru gehiago irabazteko aukera dagoela azpimarratu dute. Gainera, ordainketekin arazo gutxiago izaten dituzte. Laosen hileko lehen egunean atzerapenik gabe jasotzen zuen soldata Roberrek eta hemen, berriz, arazo handiagoak eduki izan dituzte. Xabik, esaterako, kobratu berri ditu Jumillan jokatzen zuen garaiko zor zitzaizkion zortzi hilabeteak, eta badira bost urte handik igaro zenetik.

Zaleak

Leku batean eta bestean futbola oso modu ezberdinetan bizi dute. Hori da biek ateratako ondorioetako bat. Laoseko esperientzian horrek harritu zuen Rober. “Zelaira zinemara joango balira bezala doaz, ikuskizuna ikustera. Irabaztea, galtzea edo berdintzea ez zaie gehiegi inporta”.

Maila gorenetan talderik ez duten hiri eta eskualdetan bigarren ‘b’ maila eta hirugarrengoa grina handiagoarekin bizi dituztela dio Xabik. “Esaterako, Gaztela Leonen. Arandinan nintzenean, Valladolid zen bertako onena, eta probintziatik kanpora ez zuen babes handirik jasotzen. Gu ikustera jende asko etortzen zen, ondorioz”. 

Euskal Herrian, aldiz, behe kategoriek ez dute hainbesteko arrakastarik izaten. Izan ere, maila altuetan hainbeste talde edukitzeak, ekipo umilagoen zaletasuna murriztu egiten du.

Momentu onenak

Arandinako garaiak bereziki gogoratzen ditu Xabik. Bi denboraldi igaro zituen han, horietako bat taldeko kapitaina zela. “Urte gozoak izan ziren. Batean 18 gol sartzera ere iritsi nintzen, eta taldean garrantzitsua sentitu, nahiz eta 2.b-rako igoera lortu ez”.

Bere anaiak, aldiz, Menorkan biak batera ibili zireneko garaiak ditu gogoan. Taldeak ez zuen beste munduko erakustaldirik eman, baina anaiarekin batera etxetik kanpora aritzea oso positiboa suertatu zela uste du.

Italiarren zurruntasuna

60ko hamarkadan AC Milanek, Internazionalek eta Italiako selekzioak arrakasta handia izan eta gero,  ‘catenaccio’ izeneko taktikak ospea irabazi zuen. Defentsari begirako futbol estilo zurrun eta sendoa egiten zuten, eta gaur egun oraindik estigma horrekin bizi da futbol italiarra. 

Bi anaiak Italian izan dira jokatzen, Xabik egun batzuk soilik igaro bazituen ere. Haien ustez  topikoak bete betean definitzen du bertako futbola. Behe kategorietakoa, behintzat. “Entrenamenduak hasi eta fisikoa bakarrik lantzen genuen lehen egunetan”. Jokalari teknikoak izaki, gogor egin zitzaien jokaldiak gehiago landu ezin izana.

Etxera itzulera

Lehengo urtean itzuli zen Xabi Lasarte-Oriara, Ostadar taldera.  Aurten bere anaia batu zaio eta duela 10 urte Menorkan izan zirenetik, lehen aldiz aritu dira elkarrekin futbolean. Ordukoarekin alderatuta, oraingoa zeharo ezberdina dela azpimarratu dute.

Orduan eguneko 24 orduak, ia, futbolean pentsatzen igarotzen zituzten. Orain, berriz, lanarekin gauzak aldatu dira, eta “arreta ezin zaio futbolari eskaini % 100ean”. “Beharko genukeena baino nekatuago” iristen omen dira entrenamenduetara.

Sinkronia

Biak erasoko jokalariak izanda, elkarrekin ondo jokatzen dutela adierazi dute. Menorkako garaietatik batera aritu gabekoak ziren arren, bien artean futbola “erritmo berean” eta “sinkronikoki” ulertzen dutela azaldu dute.

Bien artean bi urte eskaseko aldea egonik ez da zaila elkar ulertze onaren arrazoiak jakitea. Batera jolastu dira beti futbolean, konpetitzeari ekin aurretik.

Hasiera itxaropentsua

Orokorrean emaitza onak izan ditu Ostadarrek liga hasiera honetan, eta momentu honetan laugarren dira, liderrarengandik 9 puntura. Dena den, ihesi egin behar ez zuten puntu batzuk alde egin dute. “Talde sendoa gara, batez ere zelai erditik aurrera, eta edozein menperatzeko gai garela erakutsi dugu”. Tolosa 2-0 gainditu zutenekoa du gogoan Xabik. Dena den, hobetzeko alderdi ugari dituztela aitortu du.

Batetik, etxetik kanpora hobetu behar dutela azpimarratu du Roberrek. Bi partidu irabazi dituzte Mitxelindik at orain arte, baina hobetzeko tartea dutela diote bi anaiek. “Erakutsi dugu emaitza onak lor ditzakegula. Lanean jarraitu behar dugu”. 

Oñatin Aloña Mendi garaitu zuten abenduaren 13an. Ostadarrek zelai horretan arazoak izan ohi ditu, beraz, baliteke lanak bere fruituak ematen hasia izatea.

Bestetik, partiduak sendo bukatzeko beharra nabarmendu du Roberrek. Izan ere, Ostadarrek abantaila txikiekin jokatu du askotan erdilariaren ustez. Ondorioz, berdinketak jaso dituzte azken minutuetan. 

Ez da erraza golak sartzea, baina argi dago sarea aurkituz gero, gozoago eramaten direla aurrera partiduak. 

Gazte eta beteranoak

2015/2016ko Ohorezko Erregional mailako taldean gazte eta beteranoen arteko nahasketa berezia ematen da. 

Xabi eta Rober ez dira futbol profesionalaren gorabeherak ezagutzen dituzten taldekide bakarrak. Gazteenekin erlazio bikaina omen dute: sinbiosia dago. “Haien ilusioa eta indarra guretzat motibagarria da, eta guk urte hauetan ikasitakoa partekatzen saiatzen gara”.
 Ondorioz, taldean sortutako dinamika goraipatu dute. “Denboraldian oso sartuta gaude. Bosgarrenak bagara sailkapenean, laugarren izan nahi dugu; eta laugarren izanez gero, hirugarren”. Ilusioarekin jokatzen dute Ostadarreko mutilek. Xabik azpimarratu du “igoeran sinetsi” egiten duela. 

Zailtasunaren jabe da, baina taldeak helburua lortzeko beharrezko gaitasuna baduela uste du.